Odola ematera deitu dituzte herritarrak Osakidetzak eta Osasun Sailak

Karkara 2019ko uzt. 4a, 18:30

"EAEko egungo erreserbak hobetzeko" odol-emaile bila ari dira Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Gogorarazi dute uda sasoian hazi egiten dela beharra: "Sasoi honetan da zailen euskal ospitaleetako segurtasun-biltegiei eustea".

EAE da Espainiako estatuan odol-emaile kopuru handiena duen erkidegoa. 2018an 51.701 pertsona inguruk eman zuten odola, eta 87.707 emate zenbatu zituzten. Dena den, gogorarazi dute "odol-osagaien kontsumo-tasa handiak" ere izaten direla bertan, "Osakidetzako osasun-jardueraren ondoriozkoak eta, batez ere, uda sasoiko beharren gorakadaren ondoriozkoak".

"Sasoi honetan da zailen euskal ospitaleetako segurtasun-biltegiei eustea", azaldu dute: "Izan ere, odol-emaile asko kanpoan daude, eta ematen den kopurua murriztu egiten da. Gainera, biztanlea zahartzen doa eta globalizazioa hazten, eta horrek pertsonen mugimenduak eta infekziorako arriskuak dakartza". Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azpimarratu du "urtean 35.000 pazienteren tratamendua bermatzeko beharrezko osagaiak lortzeko modu bakarra" dela herritarrek odola ematea.

Hemen daude ikusgai Gipuzkoan datozen hilabeteetan odola emateko jarri dituzten hitzorduak. Orion irailaren 19an izango da aukera, 18:30etik 20:30era, anbulategian. Aian, aldiz, urriaren 22an izango da odol-emaileen hitzordua, 18:30etik 20:30era, Lardizabalen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!