Zapore gazi gozoarekin amaitu du Orioko gizonezkoen traineruak asteburuan

Karkara 2019ko uzt. 15a, 12:30

Asteburuko estropaden inguruan solasean jardun gara traineruko arraunlaria den Martxel Aldai Aiarrarekin.

Asteburu gazi gozoa izan da Eusko Label Ligan lehian dabiltzan oriotarrentzat. Larunbatean garaipena lortu zuten XII. Kaiarriba - Amenabar Banderan. Igandean, ordea, ez zuten emaitza berbera lortu Castron jokatu zen IV. CaixaBank Bandera estropadan. Orokorrean asteburuaren balorazio positiboa egin du Martxel Aldaik, traineruko arraunlariak, orokorrean pozik daudela adierazi dio KARKARAri: "Badirudi orain erraza egiten zaigula irabaztea, baina bakoitzak badaki zenbat kostatu zaigun hona iristea. Garaipen bakoitza, handia da guretzat". Asteburuan berrikuntza batekin etorri da taldea, izan ere lehenengo bi estropadak jokatu dituzte traineru berriarekin. "Oraindik kilometro asko falta zaizkigu traineruari puntua hartzeko".

Larunbateko garaipenari dagokionez estropadaren hiru laurdenean ondo jardun zirela azal du Aldaik: "Azkenengo luzean akats batzuekin nahastu ginen. Taldearekin potentziala handia da baina kide asko egoera berriak bizitzen ari gara eta horrelako egoerei momentuko erantzuna emateko esperientzia falta zaigu".  Bandera irabazita ere egoera "gazi-gozoa" bizi zutela argitu du arraunlariak: " Azken luzeko larritasuna gaitzesten ibili ginen, egindako akatsek bandera behar bezala ez disfrutatzea eragin zuten".

Igandeko estropada oso bestelakoa izan zen oriotarrentzat, Aldairen esanetan ez zuten asmatu errendimendu maximoa aurkitzen. "Ez genuen arraunean asmatu edo txalupa ez zen etorri guk nahi bezain azkar. Hala ere emaitza onak lortzeko gai gara eta izan zitekeena ikusita, salbatu egin genuen eguna".

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!