Gutuna: Urola Kostako EH Bilduk, Udal Elkartea osatzeko bilkuraz

Karkara 2019ko uzt. 20a, 13:16
Zarautzen du egoitza Urola Kostako Udal Elkarteak, AbendaƱon

"Alderdi interesak alde batera utzita", Udal Elkartea osatzeko bilkura garaiz deitu dezan eskatu dio Urola Kostako EH Bilduk jarduneko lehendakariari.

Urola Kostako EH Bilduk komunikabideetara bidalitako gutuna hau da:

"Urola Kostako Udal Elkartearen estatutoek, 8. artikuloko lehenengo puntuan honela diote:

Udal Elkartea osatzen duten udalak oso-osorik berritzen direnean, Batzar Nagusia eratuko da ekitaldi publikoan, egutegiko 45 eguneko epearen barruan, udalak eratu eta hurrengo egunetik hasita. Horretarako jarduneko lehendakariak Batzar Nagusiaren ezohiko bilkura deituko du eta deialdia helaraziko die udalek izendatutako zinegotziei.

Kontuan izanik eskualdeko udalak ekainaren 15ean eratu zirela, uztailaren 30ean bukatuko litzateke Batzar Nagusiaren bilkura burutzeko epea.

Urola Kostako EH Bilduren ustetan denok onartuak ditugun prozedurak errespetatu egin behar dira, ezinezkoa izanik epez kanpoko bilkuren deialdiak egin ahal izatea talderen bati edo besteri egokiago edo komenigarriago iruditzen zaiolako.

Horregatik Udal Elkarteko jarduneko lehendakariari osoko bilkuraren deialdia garaiz egin dezala eskatzen diogu, alderdi interesak alde barera utziaz”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!