"Familiako bizimodua harategiaren bueltan egin dugu beti"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko uzt. 31a, 09:51
Marisol Albeniz harakina, harategiaren aurrean. (Aiora LarraƱaga)

Berrogei urte daramatza Marisol Albenizek harategiko mostradorearen atzean. 65 urte bete berri ditu, eta datorren larunbatean hartuko du erretiroa. Itxi egingo du harategia, baina astelehenetik aurrera lan talde berri batek kudeatuko du.

MARISOL ALBENIZ - Patxi Oliden harategiko harakina

Lau hamarkada daramatzazu harategian lanean. Erraz esaten da.
Ia bizitza osoa daramat harategian, 40 urte, hain zuzen ere. Patxi Olidenekin ezkondu aurretik hasi nintzen, oraindik bikote ginela. Iturbide kaleko harategian hasi nintzen lanbidea ikasten, Patxirekin eta Ixiarrekin. Azken honek Eusko Gudari kalean denda ireki zuenean, Patxi eta ni geratu ginen harategian. Bertan, 19 urte inguru egin genituen.

Pixkanaka joan al zinen lanbidea ikasten?
Bai, etengabe aldatzen ari den lanbidea da gurea. Hasieran harategiko lana egiten genuen nagusiki, eta pixkanaka guk egindako produktuak saltzen hasi ginen: odolkiak, tripakiak, txistorra eta aurrez prestatutako beste hainbat jaki.

Eusko Gudari kalera jaistea aldaketa handia izan al zen zuentzat?
Bai, inbertsio garrantzitsua izan zen guretzat. Beheko kalera jaitsi ginenean, aldapako harategia etxeko produktuak egiteko lantegi moduan prestatu genuen, eta orduan hasi ginen kroketak, lasaña, haragi-bolak saltsan eta aurrez kozinatutako beste hainbat jaki prestatzen.

Duela hogei urte izan zen hori. Ordurako nabaritu al zenuten aldaketarik herritarren jateko moduan?
Bai, goiko harategian ere eskaintzen genituen hainbat jaki, baina legez kanpokoa zen, osasun sailak neurri zorrotzak eskatzen baititu etxean bertan egindako jaki horiek prestatzeko eta saltzeko. Horregatik, behera jaitsi ginenean, dagokion osasun neurrietara egokitu genuen goiko lokala.

Asko aldatu al dira herritarren jateko ohiturak azken hamarkadetan?
Asko, hala ere, nik uste dut aldaketa handiena azken hamar urteetan gertatu dela. Garai batean txekorra jaten zen gehien, xerrak, gisatua eta heltzeko haragia, esaterako. Orain hori da gutxien saltzen dena, eta lehen baino askoz oilasko gehiago jaten da, baita indioilarra eta txerria ere. Nik uste dut krisi ekonomikoarekin batera hasi zirela jendearen jateko ohiturak aldatzen, eta orain ez da lehengora bueltatu; gazteek asko kontsumitzen dituzte aurrez prestatutako jakiak, eta adineko jendea da nagusiki etxean betiko janaria prestatzen jarraitzen duena.

Erosketa egiteko modua ere aldatu egin al da?
Lehen erosketa egitea ohitura modukoa zen; batzuk egunero erosketa txikiak egiten zituzten, beste batzuk ostiral arratsaldetan edo larunbat goizetan egiten zuten asteburuko erosketa. Aipatutako egun horiek izaten ziren salmenta gehien izaten genituenak. Orain, larunbat batzuk onak izaten dira, baina ostiral arratsaldetan ez da inor ibiltzen; asko pintxo-potera joaten dira, beste batzuk kanpora asteburua pasatzera, eta eguraldi txarra egiten badu merkatal gune handietara. Asko aldatu dira erosteko ohiturak.

Hainbeste aldaketekin, egokitu behar izan al duzue?
Buruari buelta asko eman dizkiogu garai berrietara egokitzeko. Bezeroek eskatzen dutena kontuan hartu dugu eta ordutegiak moldatu.

Harategiak lan handia eskatu al dizue urte guzti hauetan?
Patxi zenak eta nik lan handia egin dugu harategian, eta alabak laguntzeko prest izan ditugu beti. Honen bueltan egin dugu familiako bizimodua, eta bizitza osoa eskaini diogu harategiari. Ia ez dugu oporrik izan denbora honetan. Patxi eta ni ezkonduta 25 urte bete genituenean joan ginen lehen aldiz oporretara, eta duela hiru urte esku-muturra hautsi nuenean hartu behar izan nuen beste atsedenalditxoa. Abuztuaren hasieran erretiratuko naiz, eta negozioari hainbeste denbora eskaini ondoren, sentipen desberdin asko ditut barruan. Oroitzapen asko datozkit gogora.

Harategia itxi egingo al da?
Larunbatean harategia itxi egingo dugu, baina astelehenetik aurrera beste lantalde batek kudeatuko du. Azken egun hauetan, hainbat jaki nola prestatzen ditudan erakusten ari naiz lantegian.

Mezuren bat bidali nahi al diezu hamarkadatan zehar bezero izan diren herritarrei?
Eskerrak eman nahi dizkiet bezeroei eta oriotar guztiei. Gertuko harremana izan dut beti herritarrekin, eta harategiaren parte izan dira; bezerorik gabe pertsiana itxi beharra izango genukeen eta. Kasu honetan, erretiroa hartzen dudalako utziko dut harategia. Herritarrek ohiturak aldatu badituzte ere, harategira etortzen jarraitu dute, eta ez dut bezero faltagatik itxi beharrik izan. Hori oso pozgarria da, komertzio txikiak bizi duen egoera zaila kontuan hartuta. Horrez gain, nabarmendu nahi dut oso eskertuta nagoela herri osoari, Patxi hil zenean babes handia sentitu genuelako guztiengandik. Ez genuen uste jendeak horrenbeste maite gintuenik. Eskerrik asko bihotz-bihotzez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!