PAPEREKOA

'Erotikaren produktibitatea'

Karkara 2019ko ira. 3a, 13:30

Egoitz Dorronsorok, KARKARAren 408. aldizkariko 'Moila Bazterretik' atalean partekatu duen iritzia.

Harreman sexualak salerosketa
gisara eraikitzen ditugu, azkarrak eta seguruak izan behar dutelarik.

Asko idatzi da sistema kapitalistaren produktibitate ereduaren inguruan. Jakina da, gizartean eta heziketan sustraitua dagoen fiosofia bat dela. Ondorioz, ikuspegi horretatik baloratzen eta eraikitzen ditugu gure erabaki eta ametsak. Erotika zerbait bada, erabaki eta ametsen arteko jolasa da, baina, jolas honetan ere, kapitalismoak jarri dizkigu arauak.

Egun osoan produktibo izan behar dugu. Etekina atera behar diogu guztiari, emaitzak ikusi eta, nola ez, ukitu behar dira. Kuantitatiboa izan behar du denak, hau da, zenbatzeko gai izan behar dugu. Ezin dugu bizitza bizitzen egon, ezin gara egon, hori ezin daitekeelako kuantifi katu. Emaitza, emaitza da garrantzitsuena, zer eta zenbat. Hori da gure bizitzaren algoritmoa. Zygmunt Bauman soziologoak zioen gisan, Kontsumoaren gizartean inor ezin da subjektu bilakatu ezin badu lehenago produktu izan.

Ondorioz, kapitalismoa erotikaren aurkaria da. Azken honetan, ametsak, desirak eta pasioak kudeatzen baitira, esku artean ez dagoena, falta den zerbait, alegia. Kapitalismoak, ordea, ez du lekurik ez dagoen zerbaitentzat, espazio edo denbora oro merkantziaz bete behar baita.

Honenbestez, harreman sexualak salerosketa gisara eraikitzen ditugu, azkarrak eta seguruak izan behar dutelarik. Ezin dugu ahaztu, hau guztia heteroarauen barruan kokatu behar dela. Ondorioz, harreman heteroak hobetsiz, erabat koitozentrikoa den erotika honetan bestelako praktikak alboratu eta epaitzen dira. Larrua jotzea da balio duena, beste guztia horretara iristeko tresna izaki. Beraz, larrua zenbat eta zenbatekin jotzen dugun eta orgasmora iritsi garen da garrantzitsua.

Bestelako praktika erotikoei muzin egitearekin, gorputzaren ezagutza alboratuz, bakoitzaren sexua bizitzeko era errepika ezin hori galtzen dugu. Honenbestez, harreman erotikoen kalitatea minimora jaisten da. Horregatik, honelako gaiak lantzen dituen Arraio Irratiko 'Kitzikan' saioa gomendatzen dizuet, pixkanaka bada ere begiak ireki eta gure gorputzen jabe
egiteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!