PAPEREKOA

'Gure arraunlariak eta G-7a'

IƱaki Iturain 2019ko ira. 5a, 09:28

Iñaki Iturainek KARKARAren 408.zenbakirako idatzitako testua 'Oroimenaren Kutxa'-n.

KARKARAk eskatu dit oraingoan arraunaz idazteko. Ez da harritzekoa, kontuan hartuta Kontxako Estropadaren aurreko astean plazaratuko dela aldizkaria; gainera, urte ona da hau arraunaz idazteko. A zer urtea! Eta, atal hau oroimenaren kutxa denez, bururatu zait KARKARA sortu zenetiko 30 urteetako arrauneko gertaera nagusiak ekartzea: 1989tik 2019ra bitartekoak.

Gauza asko gertatu dira tarte horretan. Zazpi izan da zenbaki magikoa oriotarrontzat: Zazpi aldiz ekarri dute Kontxako bandera: 1992, 1996, 1997, 1998, 2000, 2007
eta 2017an. Zazpietako hiru, 7 zenbakiko urteetan: 1997, 2007 eta 2017an. Gainera, 2017an bi: urtekoa eta 1939koa, Oriori bulegoan palmaresetik kendu eta herriaren ekimenez berreskuratu zena.

Aurtengoa aspaldiko denboraldirik borobilena doa, historikoa. 2019-07-17an Gipuzkoako traineru txapelketan nagusitu ziren, neskak eta mutilak. Liga hasi zenetik ez da izan astebururik alironik gabe. Igande batean zazpi bandera astindu zituzten udaletxeko balkoitik, asteburu bakarrean eskuratuak. Mutilen B ontziak zazpi estropada irabazi ditu bere ligan. Aurtengoa 17. edizioa du traineruen ligak; eta, orain arte ligan sekula nagusitu gabeko klubak, aurten hiru irabazi ditu, parte hartutako hirurak.

Bat izan da zenbaki madarikatua: 21 mendea hasi berritan, 2001ean, Orio bere arraun-historia osoko festarik handiena ospatzeko prest zegoen. Lehen igandean bigarrenari 10 segundo kenduta, bandera irabazitzat jo genuen, baina bandera Castrok eraman zuen. 2011n, berriz, arraun-ligako bigarren mailara jaitsi zen trainerua.

Aipamena merezi duten beste gertaera berezi batzuk ere izan dira 30 urteotan. Arraunketa olinpikoko zortzikoak bederatzi urtez jarraian eskuratu zuen urrezkoa Espainiako txapelketan, 1994tik 2002ra. 2012an, aurreko urtean jaitsita, bigarren mailako ligako estropada guztiak irabazi zituzten. 2001ean, alironaren euskal bertsioa sortu genuen: Ez dago oriotarrik kantu hau ez dakinik, ez dago mundun herririk bandera gehio dunik, aliron, aliron, bandera da Orion!. 2013an, Arraunetxe zabaldu zen, estatu osoko arraun instalaziorik handiena. Aurten, 2019, traineruak barruan herritar askoren izena darama idatzita, ontzia erosteko diruz lagundu dutenena.

30 urteotan, aurreko 100 urteetan bezala, Orio izango da noski arraun munduari ekarpen nabarmenak egin dizkion herria. Gauza asko aldatu dira arraun munduan, azpimarragarriena nesken arraunaren indarra. Orain Orioko arraunaren historian neskak eta mutilak ageri dira. Manuel Olaizolak 1901ean zabaldutako patroien zerrendan, Nadeth Agirre ere hor dago.

Abuztuko egunak herritarroi alaitzeko, Gure Zirkua ere Orion izan dugu, aurreneko euskal zirkua. Ona. Baina zirkua Biarritzen montatu digute, negargarria. G-7ko politikariek antipolitika eginez, herritarrak molestatuz, nazkatuz, haserretuz, zazpi zenbakiaren magikotasuna izorratu digute. Txarrenari ere alde ona bilatzen hasita, esango dugu jende asko jarri dutela haien politika militarista hiltzaileen kontra. Umorez hartuta, txisteak egiteko aukera eman digute: Irunetik Hendaiara joateko bidetxiorra proposatu digute, atajoa: Kataluniako La Junqueratik. Ondo pentsatuz gero, agian ez da txarra! Zakilixutek ere esan zigun hori Berrian: Gu, 7ak bat!

Ondorengo 30 urteotan ere oriotarrak arraunean arituko dira. Segi herri kirol euskalduna egiten! KARKARAk segituko du herritarrei horren berri ematen. Beste 30 urtez gutxienez baietz!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!