'Azken argien aurrean'

Iñigo Gaitonek, KARKARAko 408.zenbakian publikatutako iritzia, 'Nire honetan' atalean.

Gure aiton-amonen mundualdia ahitzen ari da, poliki-poliki. Zahartzaroari –eta heriotzari– muzin egiten dion mundu berriaren seme alaba garenontzat, ariketa gordin bezain errealista izan daiteke etxeko zaharrenen azken argiak itzaltzen ikustea. Noiz hiltzen gara? Noiz hil nahi dugu?

Lehengo batean, egunkarian hilezkortasunari buruzko albistea irakurtzen ari zen 90 urtetik gorako emakume bat ikusi nuen ospitaleko itxarongelan. Eszena aproposa iruditu
zitzaidan gizarte tradizionalaren eta modernoaren artean gertatzen ari den talka bortitz eta ekidin ezina gorpuzteko. Zeharka begiratuz irakurri ahal izan nuen lerroburuaren arabera, 2050erako prest egongo omen da gizakiok hilezkor egingo gaituen edabe magikoa. Hiru hamarkada falta dira.

Prestakuntza akademikoari dagokionez, punta-puntakoa da gure belaunaldia. Unibertsitateko tituluak eta masterrak ditugu, atzerrian egindako ikasketak, eta txukun moldatzen gara ingelesez. Zer eskaintzen digu, ordea, horrek guztiak bizitzako gai potoloen aurrean? Ikasiko al dugu bizitza aiton-amonen xalotasunarekin bizitzen? Helduko al gara zahartzaroa edo
heriotza bizitzaren ezinbesteko parte direla benetan onartzera, etengabe gaztetasun eternoarekin amestera behartzen gaituztenean? Asmatuko al dugu mundu zaharraren eta berriaren arteko tenkan oreka bilatzen?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!