“Eskerrak eman nahi dizkiet bezeroei eta oriotar guztiei”

Karkara 2019ko ira. 4a, 15:30

KARKARAren 408. zenbakiko "Mahai bueltan" atalean argitaratutako Marisol Albenizen Lasañaren errezeta.

 

Berrogei urte egin ditu Marisol Albenizek harategiko mostradorearen atzean lanean. 65 urte bete berri ditu, eta abuztuaren 3an hartu zuen erretiroa. Harategia itxita,
hutsunea utzi du oriotar askoren sukaldean, ezagunak baitziren bere tripakiak, kroketak, lasaña, txoriak saltsan eta beste hainbat plater. Dena dela, erretiroa hartu eta agur esan aurretik, oriotarrekin sekretutxo bat partekatu nahi izan du Marisolek, bere lasañaren errezeta.

Marisol Albeniz
Lasaña

Osagaiak
Tomate naturala litro erdiko lata bat
Tipula erdia
Piper berdea, laurdena baino gutxiago
Haragi xehatua 400 gramo
Irina 170 gramo
Esnea 0,65 litro
Pasta laminak
Gazta birrindua
Olioa, gurina eta gatza

Nola egin?
Tipula eta piper berdea potxatu lehenengo eta tomatea gehitu. Bost-hamar minutu egosten utzi. Tomatea iragazkian pasa eta azukre pixka bat eta gatza gehitu. Haragi xehatua prestatu zartaginean olio pixka batekin, eta prest dagoenean tomatea bota. Osagaiak ondo nahastu behar dira, eta haragiak tomate zaporea hartzeko sutan utzi bost minutuz. Ondoren, pasta egosi behar da.

Marisolek arrautzarekin egindakoa erabiltzen du bere lasaña egiteko. Bexamela prestatzeko, olio pittin bat eta gurina bota lapikora, eta desegiten denean, irina gehitu. Osagaiak ondo uztartzen direnean, aurretik kazuela batean irakiten egon den esnea, pixkana osagaiei gehitu. Une horretan oso garrantzitsua da, poliki-poliki eragitea, etenik
gabe, bexamela loditu dadin, baina pikorrik izan ez dezan. Azkenik, bexamela prest dagoenean gatza bota. Osagaiak prest daudenean, lasaña muntatzea geratzen da. Bandejaren oinarrian tomate pixka bat jarri eta gainean pasta laminak. Ondoren haragi xehatua eta laminak tapatuta daudenean, beste kapa bat jarri gainean. Hurrengo kapa
bexamelarekin egindakoa izango da, eta haren gainean beste pasta kapa jarri behar da. Bukatzeko, bexamelarekin eta pasta laminekin itxi.

Erlazionatuak

"Familiako bizimodua harategiaren bueltan egin dugu beti"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2019 uzt 31 Aia Orio

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!