"Beharrezkoa da ekintzaileentzat diru laguntza lerroak bideratzea"

Karkara 2019ko ira. 9a, 12:30

40 urte egin zituen Kandido Esoainek arrantzan eta 2001ean erretiratu zen. San Nikolas Kofradiako presidentea izan zen lau urtez, eta ondo ezagutzen du sektorearen bilakaera. KARKARAren 408.zenbakirako eskaini zigun elkarrizketa.

Kandido Esoain, arrantzale erretiratua

1961ean hasi zen arrantzan Kandido Esoain, antxoatan. Aurretik Arin eta Enbil enpresan lan egin zuen. Lehorrean egoera zaila zen, ordea, familia mantentzeko larri ibiltzen zen, eta itsasora joateko erabakia hartu zuen. Lehen urte hartan 84 mila pezeta irabazi zituen itsasoan, lehorrean hamar urtetan irabaziko lukeena.

Asko aldatu al da sektorea 40 urtetan?

Hamarkadaz hamarkada gauzak aldatzen joan dira. Hasiera hartan erabiltzen genuen tresneria oso zaharkitua zegoen, eskuz egiten genuen lan dena. Ni kofradiako presidente nintzela berritu zen flota; eta aldaketa eman aurretik, Norvegian izan ginen bertan erabiltzen zuten teknologia eta tresneria ezagutzen; hurrengo hamabost urteetan, behar-beharrezkoa zen aurrerapausoa eman zen, arlo horretan.

Hiru hamarkadatan asko jaitsi da itsasontzi kopurua Orion. Zuek aspaldi antzeman al zenuten beherakada?

Ni Orioko San Nikolas Kofradiako presidentea izan nintzen lau urtez, eta beti Arrantza Federazioaren inguruan ibili izan naiz. Ordurako bagenuen arrantza sektorearen etorkizunaren inguruko kezka. Izan ere, Orion itsasontzien kudeaketa gurasoengandik seme- alabengana igaro da beti, eta belaunaldi berriek ez dute etxeko enpresarekin jarraitu nahi izan. Horixe gertatu da Orion.

Dena dela, ontzi-jabeen seme-alabez gain, arrantzale askok lehorrean lan egiteko hautua ere egin zuten?

Denok gara beheraldiaren errudun. Lehorreko jarduera ekonomikoa indartzen hasi eta jornalak handitu zirenean, itsasokoen parekoak ez baziren ere, arrantzale asko lehorrean geratu ziren lana bilatuta. Nahiago izan zuten familiarengandik gertu egon.

Oso sonatuak izan ziren 90. hamarkadan egin zenituzten borrokak ontzi frantsesek erabiltzen zituzten arrastreko sare pelagikoen aurka.

Oso borroka gogorra eta arriskutsua izan zen. Itsasontzi frantsesen kontra joaten ginen itsasoan, elkar jotzera. Batean itsasontzi frantses bat ere sartu genuen behartuta portura. Guk ikusten genuen sare horiekin itsasoa suntsituko zutela, eta horrek eragin zuzena izango zuela gure jardunean. Egoeraren larritasunaz ohartuta, arrantzaleok borrokatzea erabaki genuen, eta sare pelagikoekin amaitzea oso garrantzitsua izan zen arrantza sektore tradizionala bizirik mantentzeko.

Arrantzaren garai oparoa bizi izan duzu zuk. Zer sentipen sortzen dizkizu herrian bost itsasontzi geratzen direla ikusteak?

Hainbeste borrokatu ondoren, oso gogorra da galtzear dagoela ikustea. Sektorea osatzen dugun eragile guztiok dugu egoera honen ardura, baina, Eusko Jaurlaritzak ez du erraztu baxurako arrantzaren etorkizuna. Orain asko zaildu eta luzatu da titulua ateratzeko prozedura, eta horrek kalte handia egin dio sektoreari. Horrez gain, ontzi-jabe familietako belaunaldi berriek etxeko enpresarekin jarraitu nahi ez dutela ikusita, uste dut beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzako ekintzaileentzat diru-laguntza lerroak bideratzea; horrela, etxetik jasotako itsasontzirik ez baina itsasora ateratzeko gogoz dauden herritarrek baxurako arrantzan lanean jarraitzeko aukera izango lukete.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!