“Urte gutxi barru, Orioko moila libre-libre egongo da”

Karkara 2019ko ira. 9a, 10:00

Orioko San Nikolas Kofradiako presidente eta Montserrat ontziaren jabea den Jon Mujikak herriko arrantza-ontzi flotaren etorkizuna izan du hizpide.

Jon Mujika

Ontzi-jabea eta Kofradiako presidentea

1978ko udan irten zen lehen aldiz Jon Mujika itsasora, hamalau urte zituela. 32 urterekin, 1996ra bitartean Florentino Genovaren gidaritzapean egon zen Montserrat itsasontziaren lema hartu, eta haren jabea izan da geroztik. Hamalau itsasontzi zeuden herrian.

Orioko baxura-arrantzako flotak beherakada handia jasan du azken hiru hamarkadetan. Zer faktorek uste duzu eragin dutela beherakada horretan?
Nabarmen txikitu da Orioko flota, gaur egun bost itsasontzi bakarrik baititugu herrian. Nire ustez, gazteek ez dute itsasoa lanerako aukera moduan ulertzen. Itsasoa gogorra dela eta etxetik kanpora egun asko egon behar dela ikusten dute, eta ez dute bizimodu hori nahi.

Pixkana joan al da Orioko flota txikitzen?
Bai, ontzi-jabeak erretiratzen joan diren heinean, itsasontzi kopuruak behera egin du. Beste portu batzuetan, Getarian eta Hondarribian esaterako, nabarmendu dute beherakada, baina gazte batzuek gurasoen lekukoa hartu dute, eta itsasontziarekin jarraitu dute. Orion ez da horrelakorik gertatu;
agian gure errua ere izango da, gazteei ez diegulako transmititu itsasoarekiko grina.

Zer etorkizun du herriko arrantza sektoreak?
Urte gutxi geratzen zaizkio Orioko baxura arrantzari, gehienez beste hamar urte iraungo ditu. Niri bi urte geratzen zaizkit erretiroa hartzeko, eta nire egoera berean ontzi-jabe asko daude. Hemendik hiru-lau urtera bi itsasontzi geratuko dira, eta horiek erretiratzen direnean, Orioko baxura-arrantzako flota desagertu egingo da, horiek ere ez baitute itsasontziarekin jarraituko duen inor atzetik.

Egoerak zer sentimendu sorrarazten dizue arrantzaleoi?
Pena handia ematen digu. Orioko moilan 80. hamarkadan ateratako argazkietan portua bete-betea ikus daiteke; 28 bapore ziren orduan herrian. Orain, berriz, bost geratzen dira, eta urte gutxi barru, Orioko moila libre-libre egongo da.

Beste faktoreren batek lagundu al du beherakada horretan?
Patroi izateko eskatzen duten titulazioan ere aldaketak egon dira. Lehen batxilergorik izan ez arren, edozein arrantzalek patroi izateko titulua atera zezakeen Pasaian. Duela hamabost urte inguru, titulua ateratzeko prozedura zaildu egin zuten, eta gaur egun, goi mailako ziklo bat da; hori egin ahal izateko unibertsitateko sarbidea gainditu behar da lehenengo.

Uste duzu lehenago esku-hartu izan balitz, egoera bestelakoa izango litzatekeela?
Aspalditik gaia lantzen ari gara Gipuzkoa mailan, baina ez diogu irtenbiderik bilatu, gazteek itsasora irten nahi ez badute, ez baitago ezer egiterik. Ez da Orioko arazoa bakarrik. Lehen Ondarroan 28 itsasontzi zeuden, eta egun, baxurako ontzi bakarra geratzen da; Bermeoko flota 80 itsasontzik osatzen zuten, eta orain alerik ez da geratzen, ezta Mutrikun ere. Orain dela 25 urte, Kantauri itsasoan biberoekin atunetan jarduten ginen baxurako 400 itsasontzi ginen, eta gaur egun 45 geratzen gara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!