"Bizimodu izateari utzi dio arrantzak"

Karkara 2019ko ira. 9a, 20:00

Egoitz Dorronsorok eta Iñigo Expositok iaz jarri zuten martxan Oriotarren galbaetik proiektua, Oriok erraietan gordea duen bizimoduaren inguruko jakintza biltzea helburu. Horretarako, udalaren artxiboa lantzeari zein hainbat herritarren testigantzak jasotzeari ekin zioten.

Egoitz Dorronsoro eta Inigo Exposito, Oriotarren galbaetik proiektuaren egileak

Oriok itsasoarekin izandako harremanetik eraiki du bizimodua, eta besteak beste, arrantza izan du erdigunean. Ondare eta jakintza hori guztia aztertzeko eta ulertzeko lanetan murgildu ziren iaz Dorronsoro eta Exposito, galerari aurre egitea eta transmisioa bermatzea ipar. Elkarrizketa bidez testigantzak biltzen ari dira egun, eta hainbat ondorio atera dituzte dagoeneko.

Nolako pisua izan du arrantzak herrian?

Egoitz Dorronsoro: Orio beti izan da itsasoarekin lotura estua izan duen herria; ontzigintza izan zen erdigunean lehendabizi, eta gero hartu zuen lekukoa arrantzak. Datuek erakusten dute 60-70 hamarkadetan arrantzak herrian zuen garrantzia; 2.000 biztanle inguru izango ziren, eta horietako 300 inguru, arrantzaleak ziren. Gainera, arrantzaren baitako jarduera guztiak kontuan hartuta, herriko biztanleria aktibo ia guztia aritzen zen arrantzari begirako lanetan; olio-ozpintze lanetan, ontzigintzan, mekaniko modura eta abar. Ezaugarri konplexuak dituen sektorea da, eta herri oso bat mugitzen zen horren arabera.

Inigo Exposito: Gelditu egiten zen herria arrantzaleak itsasora irteten zirenean. Haiek itzultzen zirenean, baina, jaiak hartzen zuen Orio. Egun bat edo bi igarotzen zituzten bertan, eta berriz joan bitartean, sekulako jarduna izaten zen herriko kaleetan; alde batetik bestera mugitzen ziren herritarrak; erosketak egiten zituzten, sareak josi eta abar. Arrantzaleek berriro alde egitean, berriz eteten zen. Arrantzaren inguruan mugitzen zen Orioko jardunaren balio-katea. Hemen ez da sekula industriarik izan, eta arrantzarekin lotutakoak izan dira enpresa guztiak, Orion zein Aian.

E.D: Baserri baten modukoa da arrantza, gainera; ez da soilik diru iturri bat, egituratzeko eta antolatzeko modu bat ere bada. Egituraketa horretan, sexu-genero harremanen eta adinaren arabera, rol desberdinak daude, eta antolamendu hori bai pixkanaka galtzen joan dela. Baina garai batean arrantzak egituratzen zuen Orio osoa. Esaterako, gizonak itsasoan egoteak eragin zuen emakumeek ardura gehiago hartu behar izatea; etxean emakume eta gizon izan behar izan dute aldi berean, edota hainbat enpresen buru izan dira. Izan ere, arrantzatzeko ekintza bera gizonak egiten du, baina hori sustengatzeko beharrezkoak diren lan asko eta asko, emakumeek. Kuadrillaka elkartzen ziren arrantzaleen emazteak eta haien seme-alabak, hainbat zaintza lan egiteko. Bestalde, arrantza garaiaren eta harrapatutako arrain motaren arabera, guztiz aldatzen ziren herrian egin beharreko lanak. Arrantzak baldintzatzen zuen erritmo hori guztia.

I. E: Bizitzeko modu bat izan da arrantza, eta denborarekin, bizimodu izateari utzi dio.

Beraz, gaur egun arrantzak ez du herriaren funtzionamendua egituratzen?

E. D: Dekadentzian dago arrantza. 90 hamarkadan Orio inguruan enpresak garatzen hastean eta lehorreko lana erakargarri bihurtzean, erabaki bat hartu zuten oriotarrek: lehorrean askoz hobeto egingo zutela lana. Bi aukera zeuden mahai gainean; itsasora joatea edo lehorrean geratzea. Lehorrean geratzea hautatu zuten, hainbat arrazoi medio; familiarekin egon ahal izatea, arrisku gutxiagori aurre egin behar izatea, edota lana arintzea. Aukera berriak eta hobeak eskaintzen zituen.

Lehen behar bat zen arrantzan aritzea, herritarren behar ekonomiko bat; baina horretaz gain, herrian janaria sartzeko zegoen modu garrantzitsuenetakoa ere bazen. Gaur egun, ordea, ez du funtzio hori betetzen.

I. E: Arrantzaren etorkizunari buruz mintzatzean, ikuspegi negatiboa azaldu dute urte luzez horretan aritu diren pertsonek. Herrian ez zaiola segidarik emango uste dute, beraiek mantentzeko saiakera egin duten arren.

E. D: Azken 10-15 urtean ez du hainbesteko beherakada izan arrantzak, baina ontzijabeek beren ibilbidea amaitzen dutenean, ez dago lekukoa hartuko duen inor. Gehiago edo gutxiago beti egongo dira langile modura arituko diren arrantzaleak, baina ardura handia da bapore bateko arduraduna izatea, eta ez dago txanda hartu nahi duen inor.

I. E: Saregintzan ere jende faltan dabiltza, gainera
lan kualifikatua da egun. Hor ere ez dago etorkizunik, gero eta gutxiago dira, eta dagoeneko jubilatuta dagoen jendearengana jo behar izaten dute aurrera egin ahal izateko.

Arrantza erdigunean ez egoteak zein aldaketa eragin ditu herrian?

I. E: Nik uste dut noraezean geratu dela herria. Arrantzaren beherakadak beste sektore batzuetara jo nahi izatea eragin du, baina agian ez da asmatu hori nola egin. Askotan entzuten da logela-herri bilakatu dela Orio; jendea hemen bizi da baina jarduera ekonomikoa ez du hemen garatzen, inguruko herriatara mugitzen da.

E. D: Bizitzeko era bat izan du Oriok, dagoen tokian kokatuta dagoelako, itsasoarekin lotura handia izan duena. Denborak aurrera egin ahala, bizitzeko modu hori ulertzeko ahaleginik ez du egin inork. Lehen bizimodu hori indarrean zegoen eta modu naturalean bizi zuen jendeak, mundu horren barruan kokatuta zegoelako; baina hori aldatu denean, inork ez du ahaleginik egin lehengo mundua ulertzeko. Gaur egun, beraz, lotura hori ez da ia existitzen. Orion jakintza
bat dago galdu egingo dena eta galtzen doana. Herri oso bat eraiki da arrantzaren arabera; horrek hiztegi bat ekarri du, balore batzuk, erritu batzuk, tradizioak, eta mantendu ez dakit, baina behintzat ezagutu eta ulertu egin behar dira.

Zein da arrantzaren inguruan eraikitako irudia?

E. D: Baserriak nolabait idealizatu eta folklorizatu egin ditugu, eta euskal kulturaren eredu bilakatu. Gure irudikari kolektiboaren parte dira, eta euskaldunen bizimodu gisa aitortu ditugu; esaterako, baserri munduarekin lotutako festak mantendu ditugu,
edota baserriko produktu batzuei garrantzia eman. Arrantzarekin ez da hori egin, eta arrantzak berak ez du lortu hori egitea, kostako euskaldunen bizimodua izan den arren. Ez da euskaldunen munduaren zati modura erakutsi.

Bestalde, arrantzaleen inguruan eraiki den irudia arrantzale heroikoarena da; arrantzale gogorra, minik sentitzen ez duena. Uste dut horrek ez diola mesede egin arrantzari. Arrantzaleek ezin izan dute erakutsi beren zaurgarritasuna, beren mina, eta horrek ondorioak izan ditu, maila pertsonalean bada ere. Arrantzaleek sufritu egiten dute, eta ez soilik min fisikoa; beren senideak herrian daude

Nola ikusten duzue zuek arrantzaren etorkizuna?

E. D: Pixkanaka behera egingo du, baina ez da desagertuko, arrainaren eskaria badagoelako. Akaso orain arteko arrantza eredu tradizionala desagertuko da. Bapore asko enpresari handien esku geratuko dira; bapore bat baino gehiago dituzte haiek, eta flota izango balitz bezala kudeatuko dituzte, atun itsasontzi handiekin gertatzen den bezala. Prozesu hori abian da dagoeneko. Egun, armadoreek beren ibilbidea amaitutzat ematean, saldu egiten dituzte baporea eta bertako materiala.

I. E: Nik uste dut agian Orion ez ditugula baporeak orain moilan ikusten ditugun bezala ikusiko. Portu jakin batzuetan zentralizatuko da jarduera; izan ere, hori errealitatea da dagoeneko.

E. D: Arrantzaren antolaketa berri horrek arrantzatzeko modua bera ere aldatu dezake, gainera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!