Errezibimendu hunkigarria jaso dute neskek Kontxa irabazi ondoren

Onintza Lete Arrieta 2019ko ira. 8a, 20:48

Kamioi handi baten gainean iritsi dira plazara Orioko arraunlariak 19:00ak ondo pasata, eta jendetza batek egin die ongietorria. Arraunlari mutilek egin diete pasilloa, eta errezibimendu osoan zehar poza eta malkoak tartekatu dituzte bai protagonistek, bai herritarrek.

Aurreneko Kontxa irabazi duten neskek ez zuten espero kamioi handi batean etortzerik errezibimendura. Abestiak, bertsoak.... denetarik egon da udaletxeko balkoian, eta momentu ahaztezinak izan dira arraunlarientzat ez ezik, baita herritar askorentzat ere. Arraunlariak iritsi aurretik sekulako festa giroa egon da, baina protagonistak azaldu, eta beste giro bat gailendu da: errespetuaren, pozaren eta emozioaren arteko zerbait. Malkoak agertu dira noiznahi adineko pertsonen begietan, baita gazteenetan ere.

Momentu hunkigarriak, emozio askokoak egon dira, hamar urteko lanaren fruitua jaso duten honetan. Horixe izan dute gogoan bai Xanti Zabaleta entrenatzaileak, bai Nadeth Agirre patroiak, eta garaipen hau eskuratzen lagundu dieten guztiei eman dizkiete eskerrak.

Ahaztea kostatuko den maitasun eta babes uholdea jaso dute kirolariek herria den marea hori indartsu batengandik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!