PAPEREKOA

Ezin jai giroaz ahaztu

Karkara 2019ko urr. 3a, 10:00

"Askok urtarrilerako egiten dituzte promesak. Orion, ordea, Kontxa pasatakoan hasiko naiz esaten dugu."

Abuztua uste baino azkarrago agurtu dugu, urtero bezala, konturatzerako hasi eta buka. Baina, azken urteetan baino arraun gose gutxiagoz agurtu dugula esan dezakegu. Uda honek  luzaroan gogoratuko dugun zerbait izan badu, iganderoko zita izan baita: arraunlariei errezibimendua. 

Kosta zaigu, hala ere, irailera salto egitea; hilaren 1a iristearekin batera eguraldi txarrak egin du bere lekua herrian. Eta orain, hilabete osoan ezin asmatu udan edo neguan gauden. Eskerrak, tartean, bi Kontxako estropadak izan ditugun, martxa hartzen laguntzeko. Izan ere, askok urtarrilerako egiten dituzte promesak,  beste askok irailerako, ikasturte berriarekin batera. Orion, ordea, Kontxa pasatakoan hasiko naiz esaten dugu. 

Bada, emakumezkoen traineruak bere lehenengo Kontxako Bandera irabazita, bazen herrian ospakizunerako gogoa, astelehena jai eskatua zuten herritarrek ez zuten etxera joateko presarik, ezta  goizean goiz lanerako jaiki behar zutenek ere.

Ajea pasata (halako batean), sasoi betean gaude berriz ere jai giroan sartu eta Gazte Festez gozatzeko. Etxeluzeko piratek programa polita osatu dute asteburu honetarako! Pirataz jantzi eta danbor eta barrika hotsek hartuko dituzte kaleak gaur gauean. Bihar, sukaldariz jantzi eta Paella Txapelketa Beganoan parte hartzeko prest izango dira gazteak. Eta ia atsedenik gabe jarraituko dute igandera arte, festan. Goizean, 7:00ak aldean turutek esnatzen bazaituzte, ez harritu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!