Lourdes Salsamendi: "Elkarlana da gakoa"

Karkara 2019ko urr. 2a, 14:30

Astelehenean erabaki zuten agintaldi honetako Udal Elkartearen lehendakaria, eta Orioko EAJren zerrendaburuan jaso zituen boto gehien.

Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria izango da Lourdes Salsamendi oriotarra datozen lau urteetan. Astelehenean izan zuten bilera Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udaletako zinegotziek lehendakari berria aukeratzeko, eta Salsamendi (EAJ) lehendakari eta Oier Korta Zumaiako alkate ohia (EAJ) lehendakari orde izango dira. Botoen artean ez zen alde handirik egon, Salsamendik eta Kortak aldeko 37 boto jaso zituzten eta Mikel Goenaga Zarauzko EH Bilduko zinegotziak eta Alex Oliden Zumaiako EH Bilduko zinegotziak 35. PSOEren babesarekin lortu dute, beraz, Udal Elkarteko lehendakaritza jeltzaleek. Salsamendik azaldu du "estropadak jarraitzen dituen moduan" jarraitu zuela bozketa oso parekatua izan zelako: "azken unera arte ez genuen jakin nor izango zen lehendakari".

Hala, Igor Iturain lehendakari ohiaren eta Jesus Arana lehendakari orde ohiaren lekukoa hartuko dute Salsamendik eta Kortak, printzipioz, datozen lau urteetarako.

"Elkarlana da gakoa"

Salsamendik ilusio handiarekin heldu dio karguari, eta uste du "ardura handia" dela udal elkartearen kudeaketa. Turismo zinegotzia izan zen aurreko agintaldian Orioko udalean, eta udalean egiten den lana eta udal elkartekoa "oso desberdinak" izango direla uste du.

Kargua astelehenean hartuta, artean kokatze lanetan dabil oriotarra, baina garbi dauka "elkarlanean aritzea" izango dela "gauzak ondo egiteko" gakoa. Zuzendaritza batzordea oraindik osatu gabe dagoenez, oraindik ez da ziurra bi edo hiru alderdik osatuko duten, baina Salsamendiren ustez batzordeko kideek, azken erabakia hartzeaz gain, udal elkarteak eskuartean dituen prozesuetan ere parte hartu behar dute. "Oso garrantzitsua da elkarlana proiektuak adostasunez gauzatzeko".

Azken lau urteetan Igor Iturainek (EAJ) eta Jesus Aranak (EAJ) egindako lana goraipatu du Salsamendik, eta bere esanetan, "martxan daude dagoeneko proiektu interesgarri asko udal elkartean". "Azken lau urteetako lana oso egokia izan da, eta guk ildo beretik eman nahi diogu jarraipena lan horri, nahiz eta bidea bakoitzak bere erara egin behar duen".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!