Iritzia: Kilometroak, zertarako?

Nerea Loiola 2019ko urr. 3a, 14:00

Beharrezkoa da Kilometroak Zarautzen? Beharrezkoa da Kilometroak? Beharrezkoak al dira Ikastolak? Igande honetan ospatuko da Kilometroak festa Zarautzen, hirugarren aldiz 1977an hasi zirenetik. Eredu honetako azkena izango da aurtengoa, 2020an beste jauzi bat emango baita festa-eredu berri bati ekinez.

Prozesu honetan murgilduta egoteak hausnarketarako tarte handiak eskaini dizkit azken hilabeteetan. Eta are gehiago lagunartean, lantokian, sindikatuetan edota ikastolak berak antolatutako hitzaldietan hasierako galdera horiek planteatu ondoren.

Eta nire erantzuna da: BAI.

Semeak ikastolara joaten dira, eta beraiekin batera gu ere ikastolan eta bere proiektuan murgilduta gaude. Zarautzen lau ikastetxe daude eta beraz, aukeraketa bat egin behar du familia bakoitzak. Ez dut ukatuko EAEko sistema publikoaren eta ikastolaren artean zalantzarik egin ez genuenik. Izan genituen hesteetan dantzari publikotasuna, aniztasuna eta aukera berdintasuna bezalako gai mamitsuak. Baina errealitateak erakusten digu une honetan eskola “publiko” hori EAEn (bakarrik) dagoela kokatuta, Madrilera begira bizi den hezkuntza sail baten baitan. Eta horrek, gure semeen zenbait eskubide eta gaitasun garrantzitsu urratuko lituzkela ulertu genuen. Eskola proiektu publiko hobeago baterantz arraun egingo badut, ikastolatik izango da. Izan ere, Ikastolen eta Kilometroen oinarrian Euskal Herria aintzat hartzen duen euskarazko hezkuntza proiektu baten aldeko auzolan erraldoia dago. Ikastola herri onurarako erakunde bat bezala bizi dut nik, garai berrietara moldatuz aurrera egiten duena, bizitza euskaratik eta euskaraz azaltzeko proiektu sendoa duena. Herrigintza etengabe lausotzen saiatzen den sistema honetan ezinezkoa izango litzateke euskararen komunitateko kide aktiboak sortzea ikastolarik gabe.

Bestalde, Ikastolen existentziak Hegoaldeko sistema publiko estatalean D ereduak indarrean jarrai dezan presioa egiten du. Presio hori gabe erraza izango litzateke D eredua gutxietsi, zalantzan jarri edo ordezkatzea, adibidez, proiektu eleanitz baten aitzakian. Eta ezin dugu ahaztu, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen proiektu bakarra dela, bai ikuspegiz eta bai antolaketan; eta horrek ematen diola publikotasun izaera nabarmena. Zarauzko gure ikastola Zuberoako Eperra ikastola ere badelako, Lizarrako ikastola gure Zarauzko ikastola den bezainbeste, eta, ikastolarik ezean Iparraldeko eta Nafarroako hainbat eremutan euskara galduta legokeelako.

Beharrezkoak dira ikastolak. Beraz, baita Kilometroak ere. Ikastolek oraindik ere ezinbestekoa duten sostengu ekonomikoa lortzeko bideetako bat baita. Baina ez hori bakarrik. Kilometroak gurasoentzako ikastola berria sortzeko motorea ere badela irakurri nuen duela gutxi. Ikastola berria sortzeak gaur egungo gurasoek ikastolen betiko orubeak ezagutzea esan nahi duelako, eta orube horien gainean eraikitzea ikastola berria, eraikinetatik haratago, egunero, aktiboki, denok, elkarrekin. Kilometroak zerbait bada auzolana delako. Badagoelako festa erraldoiaren prestakuntzan duela urte eta erditik lanean diharduen jende ugari, badaudelako auzolanean ezagutu eta lagun egin direnak, badaude bilerak goxatzeko pastak eramaten dituztenak, ideiak soberan eta orduak faltan dituztenak, zirkuitua begiak itxita eta atzerantz egingo luketenak, botikineko tiritak etxetik ekarriko dituztenak, eredu hobeago baten atzetik formakuntza feministak egin dituztenak, egunean bertan aparkalekuko txandak egingo dituztenak, zaborrontziak hustuko dituztenak, amak, aitak, amonak, osabak, haurrak. Arraun eta amets elkarrekin egiten duten ikasleak.

Egungo Euskal Herrian Ikastolen proiektuaren beharra egoteak ez du esan nahi proiektuak aldika bere burua birpentsatu behar ez duenik. Are gehiago, herrigintzako proiektua denez, inork baino erantzukizun handiagoz egin behar du. Egiten ari da, kooperatiba bat izanik guzti honetan pentsatzeko eta eragiteko autonomia duelako.
Hau guztia eta gehiago da ikastola berezi egiten duena, eta honen guztiaren beharra eta indarra inoiz ez ahaztea nire nahia. Horretarako da Kilometroak: Elkarlanari eta euskarari bidea zabaltzeko. Eta ni, bertan izango naiz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!