Hazinnova berrikuntza-zerbitzuari buruzko jardunaldia antolatu du UKUEk, biharko

Karkara 2019ko urr. 8a, 09:30

UKUEk, Jaurlaritzak eta Innobasquek elkarlanean jarri dute martxan Hazinnova. Enpresa ertain eta txikiei zuzendutako berrikuntza-zerbitzua da, eta bihar, informazio jardunaldia egingo dute Azpeitian.

Hazinnova berrikuntza-zerbitzua jarri berri dute martxan Urola Kostako Udal Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Innobasquek, enpresa txiki eta ertainetan "hobekuntzak" eragin ditzaketen mikro-proiektuak abiatzeko. "Enpresa txiki eta ertaineek berrikuntzaren arloan urratsak eman ditzaten bideratutako zerbitzua da Hazinnova (...), lana antolatzeko molde berrietan, edota produktuak eta zerbitzuak merkaturatzerakoan metodo berrienekin bide egin dezaten", adierazi du UKUEk.

"%100ean diruz lagunduta" dagoen berrikuntza-zerbitzua da, eta irekita dago 2020. urteko uztailera arte, edota aurrekontua agortu arte. Urola Kostaren kasuan, UKUE izango da eskualdeko enpresekin Hazinnova lantzeaz arduratuko den instituzioa.

Bestalde, azaldu dutenez, industria edota zerbitzuen sektorean aritzen diren enpresei zuzendutako zerbitzua da Hazinnova. 6-99 langile bitarte dituzten enpresek izango dute laguntzak jasotzeko aukera, beti ere, aurretik Hazitek edota Innobideak-Kudeabide programetan onuradun izan ez badira.

Jardunaldia urriaren 9an

Dena den, zerbitzuaren berri emateko jardunaldia antolatu du UKUEk biharko, urriak 9. Hala, enpresa-arduradunek aukera izango dute egitasmoaren nondik norakoak xehetasunekin ezagutzeko. Azpeitiko Basazabal jauregian (Enparan kalea, 18) jarri dute hitzordua, 09:30ean.

Begoña Beobidek egingo die ongi etorria bertaratzen direnei, eta gero, SPRIko Aitor Cobanerak hartuko du hitza. Hazzinova zer den eta zein "onura" eskaintzen dituen azalduko du. 10:00etan, "testuingurua" izango du hizpide Innobasqueko Alaitz Landaluzek, eta "Euskadiko berrikuntza-diagnostikoa" aterako du mahai gainera. Jarraian, Erloko Unai Zubeldia arituko da "jardunbide egokiaren kasuen" inguruan. Azkenik, galderak egiteko aukera izango dute entzuleek.

Izen-ematea zabalik

Ireki dute jardunaldian izena emateko epea. Hala, bertaratzeko asmoa dutenek UKUEren bidez egin behar dute izen-ematea. 943 89 08 08 telefono zenbakira deituta, edota enpresa@urolakosta.eus helbidera mezu bat bidalita.

Hazzinovari buruzko informazio gehiago nahi dutenek, SPRIren webgunera (www.spri.eus) jo dezakete. Zerbitzuaren bidez landu daitezkeen proiektuen inguruko argipenak aurki daitezke bertan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!