"Nire eguneroko ahalegina bezeroen arima ukitzea da"

Berria egunkaria 2019ko urr. 13a, 11:00

Tokian tokiko produktuek eta elikagaiek garrantzi berezia izan dute hizpide Gastronomika biltzarraren, eta Najat Kaanache sukaldari oriotarrak parte hartu du bertan. Horren harira, elkarrizketa egin diote Berria egunkarian.

Orion jaio, eta alde batetik bestera ibili da Najat Kaanache (Orio, Gipuzkoa, 1977). Egun, Marokon dihardu lanean, Nur jatetxean.

Nolakoak izan dira lehen pausoak sukaldaritzaren munduan?
Nire lehen pausoak gosea izan ziren. Ohiz kanpoko platerkadekin amesten nuen, bisigua jatearekin, banillazko izozkiarekin; nik ez nekien zer zen zapore hori, nahi izatearen eta ezinaren arteko lehia da. Ezintasunetik ikasi dut, oztopoetatik. 

Nola aldatu da zure bizitza?
Sukaldaritzak salbatu egin nau. Guztia ematen diot; egon ninteke hamasei ordu sukaldean sartuta. Nire helburua bezeroak zoriontsu egitea da; gure arimaren zati bat izan dezaten nahi dut, eta hori egiten dut: nire eguneroko ahalegina bezeroen arima ukitzea da.

Zer balio transmititzen ditu zure sukaldaritzak?
Moral altuaren balioak ditu nire sukaldaritzak: ezin daiteke lapurtu, ezin daiteke gezurrik esan... Sukalde batean ahalik eta garbiena eta puruena izan behar duzu. Kontua ez da kantitatea, kalitatea baizik, sukaldari gisa baino gehiago, pertsona gisa, eta hori ez da lan erraza; gauza asko iragazi behar dira.

Maroko oso presente dago zure sukaldaritzan, ezta?
Bai. Marokoko nekazaritza eta laborantza izugarri aberatsa da. Behar izanez gero, hegazkinak, barkuak, edo edozer geldituko nuke, adibidez, Marokoko onddoak lortzeko, baina kanpora esportatzen dituzte. Ez da bidezkoa ni marokoarra izatea, Marokon jatetxe bat izatea eta onddo horiek lortzeko erregutu behar izatea.

Eraginik izan du zu emakumea izateak?
Egia esan, triste sentitzen naiz beste emakume sukaldari askorengatik; mundua zaila da. Nik 22 emakume langile ditut nire jatetxean, eta arimarekin egiten dute lan. Hori ikusteak aurrera egiteko indarra ematen dit, gizartea aldatzeko indarra. Gezurra da ahotsik ez dutela: guztiok dugu ahotsa; beste kontu bat da, ordea, entzuten ez jakitea.

Jarraitu irakurtzen Berria egunkarian

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!