Mahats gutxiago bilduko dute, baina kalitatez "zoragarria"

Karkara 2019ko urr. 12a, 13:00
Mahatsa biltzen aritu dira langileak azken asteetan. (Artzape)

Getariako Txakolina elkarteko upategietako mahastietan asteburuan bukatuko dute uzta jasotzeko lana, tartean Orioko eta Aiako txakolindegietan.

Aurtengo mahats uztaren bilketaren azken egunak dira hauek Getariako Txakolina elkartea osatzen duten 33 upategietako mahastizainentzat; tartean dira Orioko Katxiña upategia, eta Aiako Zudugarai, Arbela eta K5 Argiñano. Ia upategi gehienek asteburu honetan amaituko dituzte mahatsa biltzeko lanak. Guztira, 350 langile inguru ari dira lan horretan. “Ia upategi gehienek goizetan egiten dute mahats bilketa. Arratsaldeetan, berriz, upategian egiten dute lana. Askok uste dezakete mahastian amaitzen dela lana, baina etxean ere uste baino gauza gehiago egoten dira egiteko”, azaldu du Ruth Mozo Getariako Txakolina elkartearen kudeatzaileak.

Txakolin ekoizle gehienak irailaren bigarren hamabostaldian hasi ziren aurtengo mahatsaren uzta biltzen, eta upategi txikiek bukatuta dituzte lanak dagoeneko. Gainontzekoek, aldiz, asteburu honetan amaituko dute. Hasi zirenetik eguraldi onak egin dituen arren, tarteka euria eta haizea izan dute, eta horrek lanean oztopo ugari eragin dizkie. “Euriak lurra lokatz bihurtzen du, eta bai tresneriarekin, bai traktorearekin ibiltzeko ez da batere erosoa lokatza. Gure lurrak aldapatsuak dira, eta horrek zaildu egiten du lana”, azaldu du Getariako Txakolina elkartearen lehendakari Emilio Ostolazak. Mozo ere iritzi berekoa da: “Mahats bilketaren garaian, onena eguraldi ona eta lehorra egitea da. Iazko mahats bilketa, adibidez, zoragarria izan zen”, gogoratu du.

Oztopoak eta deserosotasunak aparte, uzta “zoragarria” jasotzen ari direla nabarmendu dute biek. “Kalitate ederreko mahatsa ari gara biltzen, 12 gradu eta erdikoa da, eta oso gustura gaude alde horretatik”, adierazi dute. Hori bai, kantitatez iaz baino uzta txikiagoa izango da. “Ekoizpena %5- 10 gutxiago izango da aurten. Udaberria hotza izan zen, eta ondorioz, lorea ez zen behar bezala ernetu. Hala ere, aurten kalitatezko mahatsa izango dela ziurtatu dezaket”, azpimarratu du Ostolazak. Aurten, Getariako Txakolina elkartekoek 3.250.000 kilo mahats jasotzea aurreikusten dute, guztira; 3.100.000 txakolin botila gutxi gorabehera.

Getariako Txakolina elkarteko mahastiak osasuntsu daudela nabarmendu du Mozok. “Gure mahastietan mildiu eta ibotrytis izeneko gaitzak azaltzen dira. Iaz, esaterako, mildiu onddoak eraso handia egin zuen eta uztan galerak egon ziren. Aurten, berriz, alde horretatik ez da arazorik izan eta gustura gaude”, azaldu du.

Atzerrirako joera
Oraindik ere Gipuzkoa da Getariako Txakolinaren merkatu nagusia. Hala ere, azken urteetan, atzerritik eskaera handia jasotzen dute. Esportazio gehiena Ameriketako Estatu Batuetara egiten dute, ondoren Frantziara, eta hirugarrenik Japoniara. Atzerrian txakolin zuria da gehien saltzen dena, baina gorriak arrakasta handia du. “Ekoizten den txakolin gorriaren %90 atzerrira joaten da. Dena den, hemen ere, pixkanaka-pixkanaka, gorriaren aldeko joera handitzen ari da”, aipatu du Mozok. Abenduaren 1etik aurrera txakolina merkaturatzen hasiko dira hala nahi duten upategiak, nahiz eta aurkezpen ofiziala San Anton egunean izan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!