Egoitz Dorronsoro izango da Aiako eta Orioko Euskaraldiko dinamizatzailea

Karkara 2019ko urr. 15a, 10:30

Euskaltzaleen Topaguneak eta Urola Kostako Udal Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. 2020ko udazkenean izango da Euskaraldia.

Euskararen normalizazio bidean urratsak egiteko, Euskatzaleen Topaguneak eta Urola Kostako Udal Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu berri dute. Euskaraldiaren bigarren edizioaren testuinguruan sortu da hitzarmena, eta horri esker Euskaraldia herritarren eta erakundeen artean gizarteratzeko hiru dinamitzaile kontratatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. UKUEko lehendakari Lourdes Salsamendiren esanetan, "dinamizatzaileek Euskaraldiko herri batzordeekin elkarlan estua izango dute. Horrez gain, eskualde mailako koordinazioa indartuko dute, herrien arteko sinergiak aprobetxatzeko bideak eraikiko dituzte, eta baliabideak optimizatu". Egoitz Dorronsoro izango da Aiako eta Orioko dinamizatzailea, Alazne Aizpurua Zarauzkoa, eta Sara Saizar Getariakoa eta Zumaiakoa. "Hiru gazte horien lanari esker, lehenik ere baziren zubiak trinkotzea da asmoa, eta poliki-poliki euskaldun eta euskaltzaleen sarea denon artean jostea", nabarmendu zuen Salsamendik prentsa agerraldian.

Dinamizatzaileek ilusioz heldu diote proiektu berriari, eta  herritarrak ekimenean parte hartzera animatu dituzte.

Lankidetza, ezinbestekoa
Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek lankidetzaren garrantzia azpimarratu du aurkezpenean. "Euskararen normalizazioan indartsu aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa da eragileen arteko lankidetza. Izan ere, lankidetzarik gabe hutsuneak eta ahulguneak sortzen dira". Horregatik, uste dute, euskalgintzak, herritarrek eta mota guztietako erakundeek helburu komun baten inguruan lan egiten badute, «euskarak aurrera egingo duela indarrez gainezka».

Amonarrizen esanetan, lankidetza horretan oinarrituta lortuko da «jauzi kualitatibo handia» ematea hizkuntzaren normalizazioari begira. "Aurreko Euskaraldiak bidea lankidetza zela erakutsi zigun, eta progresiboki euskara espazio berrietara zabaldu nahi dugu bigarren edizioan". Lehen edizioan Urola Kostan bederatzi mila lagun inguruk parte hartu zuten, eta Euskaltzaleen Topaguneko kideek espero dute, 2020ko udazkenean egingo den bigarren edizioan horiek eta gehiagok parte hartzea. "Euskal Herri mailan, Urola Kosta da zonalderik euskaldunetako bat. Guri tokatzen zaigu aurretik joatea eta herritarrak ilusionatzea"».

Entitateen garrantzia
Euskaraldiaren bigarren edizioaren xehetasunak ere eman zituen Kike Amonarrizek prentsa agerraldian. Izan ere, lehenengo edizioarekin alderatuta hainbat berrikuntza izango ditu. "Euskaraldiko lehen edizioa norbanakoei zuzendua izan zen, eta bigarren honetan norbanakoek eta entitateek parte hartu ahal izango dute". Hau da, Belarriprest edo Ahobizi izaten jarraituko dute herritarrek, baina entitateek garrantzi berezia izango dute. "Entitatea da herri batean antolatuta dagoen edozein gune; enpresak, ikastetxeak, komertzioak, erakunde ofizialak, elkarteak, aisialdi taldeak edota txarangak, besteak beste".

Entitate horietan Ariguneak sortuko dira, eta horretarako hiru baldintza bete beharko dira. Ariguneak lehendik ere martxan dauden taldeak izango dira: enpresa edo erakunde bateko sail edo batzordeak eta elkarteak  esaterako. Alde batetik, Arigune horietan parte hartzen duten lagun guztiak euskaldunak izango dira, edo gutxienez euskara ulertuko dute; "bestetik, gehienek ekimenean parte hartzeko prestutasuna izan behar dute, eta azkenik, entitateko zuzendaritzak edo arduradunek baimendu eta babestu egin beharko dute Arigune horretan hamabost egunetan euskaraz egitea". 

Horrez gain, kanpo Ariguneak ere egongo dira. "Zerbitzua eskaintzen duten entitateak  izango dira eta kanpotik datorrenari euskaraz egingo diote"».

Herri batzordeak
Euskaraldiko helburuak betetzeko, dinamizatzaileez gain, herri batzordeak ere antolatuko dira, eta Urola Kostako udalek beren jardunerako behar dituzten baliabide eta tresnak eskura jarriko dizkietela azaldu zuen aurkezpenean Lourdes Salsamendik. Gainera, Kike Amonarrizek nabarmendu zuen, epe ertainera, herrietan sortzen ari diren egitura horiek «egonkortzea eta denboran irautea» lortu nahi dutela "Zumaiako Larraina euskara elkartearen adibidea jarraituz. Izan ere, sinesten dugu, hizkuntza normalizazio prozesuak aurrera egiteko, ezinbestekoa dela erakundeen babesa eta bultzada eta herritarren parte hartze aktiboa".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!