Urkome sarien VI. edizioa aurkeztu dute

Karkara 2019ko urr. 16a, 09:52
Urkome Sarien aurkezpena atzo Azkoitian.

Landa eremuan ekimen eta jarduera berritzaileak sustatzeko Urkome sarien VI. edizioa aurkeztu zuten atzo, Azkoitian. Sariketak sei atal izango ditu eta atal bakoitzean 2.000 euro banatuko dituzte. Aurten, gainera, atal berri bat izango da; landa eremuko emakume ekintzailea saria. 

Urkome sarien VI. edizioa aurkeztu dute gaur, asteartea, Azkoitian. Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen nahiz jarduera berritzaileak sustatzeko ematen diren sariak dira horiek, bi urtetik behin antolatzen dira eta sariketaren helburu nagusia da landa eremuko ekintzailetasuna areagotzea eta han sortzen diren proiektuak ezagutaraztea eta bultzatzea. Aurkezpenean izan dira Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzeneko zuzendaria, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Urkomeko ordezkaria, Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea eta Urkomeko ordezkaria eta Miguel Lozano Hazi Fundazioko teknikaria.

2019 eta 2020 urteetan Urola Kostan garatzen ari diren edo amaituko diren proiektuak nahiz ideiak aurkeztu ahal izango dituzte sariketara lehiakideek. Erakundeek, elkarteek, partikularrek eta sektoreko enpresek parte hartu ahalko dute bertan, eta urriaren 21etik azaroaren 21era arte izango da lanak aurkezteko epea, Urkomeren bulegoan. Proiektuak aurkezterakoan, batetik, norberaren datuak aurkeztu beharko dira; eta bestetik, proiektuaren informazioa. Honako lotura honetan ikus daiteke proiektua aurkezteko eredua.

Seigarren edizioko sarien artean berrikuntza bat dago. Izan ere, lehen aldiz landa eremuko emakume ekintzailea saria emango dute. Gainontzeko bost sariak, honako hauek izango dira: nekazaritza jardueraren sustapena, landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena, landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatzea, landa eremuko balioaniztasuna agerian jartzea eta Iraurgi Berritzenek eta Urola Kostako Udal Elkarteak elkarrekin emango duten saria. Antolatzaileek atal bakoitzean 2.000 euroko saria banatzea aurreikusten dute. Horrez gain, partaidetza areagotzeko xedearekin, boto bidez emango den saria ere izango da aurten. Proiektuak aurkezteko 300 karaktere dituen laburpena aurkeztu beharko da. Azaroaren 29tik sarien banaketako egunera bitartean —abenduak 5—  izango da poriektu horiei botoa emateko aukera Urkomeren webgunean. Sariaren irabazleak eskualdeko produktu sorta eskuratuko du.

Sariketaren epaimahaia honako hauek osatuko dute: Eusko Jaurlaritza, Iraurgi Berritzen, Hazi Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Urola Kostako Udal Elkartea eta Urkomeko Zuzendaritza Batzordea. Epaimahai horrek atal bakoitzerako saria nola banatu erabakitzeko eskumena izango du eta sariak eman gabe ere utzi ditzazke proiektu egokirik ez dagoela irizten badu. Urkomeren webgunean argitaratuko dira sarituen izenak, eta sari banaketa Zarautzen, Urola Kostako Udalen Elkartean, izango da abenduaren 5ean. Proiektuak baloratzeko orduan ideia eta proiektu berritzaileak hartuko dituzte aintzat epaimahaiko kideek. Horrez gain, biderragarritasun ekonomikoa landuta duten lanak, enplegua sustatzen dutenak, berdintasuna aurreikusten dutenak nahiz ideiak gazteenak izatea gehiago baloratuko dira, besteak beste.

Landa eremuaren pizgarri
Javier Zubizarretak azaldu duenez, Urkome sariak urtez urte “indarra hartzen” ari dira, eta berrikuntzaren eta ekintzailetasunaren garrantzia azpimarratu du hark. Zubizarretak landa eremutik bizitzeko dauden “zailtasunak” izan ditu hizpide aurkezpenean, baina sariketak “bestelako aurpegi bat” erakusten duela azaldu du. Nekane Arrizabalagak landa eremuko emakumeak izan ditu gogoan agerraldian, gaur, hilak 15, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko eguna baita. Iñaki Ostolazak sariketan parte hartzen duten eragileak eskertu ditu, eta jendea sariketan parte hartzera animatu du. Miguel Lozanok, berriz, halako sariketek “landa eremuan eta ekintzailetasunean duten garrantzia” azpimarratu du, eta jendeak landa eremua “aukera moduan” ikus dezan balio duela nabarmendu du.

Seigarrenez egingo da aurten landa eremuko berrikuntza eta ekintzailetasuna sustatzeko sariketa. Duela bi urte egin zen Urkome sarien V. edizioa. Guztira, zortzi proiektu aurkeztu zituzten sariketara, eta horietatik bostek jaso zuten saria Azkoitian egin zen sari banaketan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!