"Herri handietan baino askoz hobeto bizi da jendea herri txikietan"

Karkara 2019ko urr. 16a, 16:30

Herri Txiki Adimentsuak jardunaldia egin berri dute Beizaman, herri txikien garapenerako aukerak aztertzeko. Peñagarikanok parte hartu zuen bertan, eta saioan landutakoa izan du hizpide.

Eusko Ikaskuntzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, Herri Txiki Adimentsuak jardunaldiak egin berri dituzte. Lehen saioa Idiazabalen (Gipuzkoa) egin zuten, eta bigarrena, Beizaman. Landa eremuak jasaten ari diren populazio galeraren aurrean, herri txikien ekonomia suspertzeko aukera berriak identifikatzea izan zen saioen helburua. Jardunaldietan landutako guztia Gipuzkoako udalerri txikiak: diagnostikoa eta esperientzien katalogazioa txostenean jaso dute. Bi jardunaldietan parte hartu du Yurre Peñagarikano (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) Urkomeko kudeatzaileak.

Landa guneetako herri txikiak populazioa galtzen ari dira. Zer ari da gertatzen?Faktore asko daude: garraio arazoak; Beizamak, esaterako, ez dauka eskolarik ere –lehen haurreskola bazegoen–… Errezilekin edo Aiarekin alderatuta, diferentzia antzematen dugu eskolaren kontuan. Eskolaren hutsunea handia da Beizaman; izan ere, eskolak berak egiten du herritartasuna, herriko jendearekin lotura eskoletan lortzen da.

Etxebizitzarena da beste faktore nagusi bat. Herri txikietan ez dago promotore pribaturik etxeak egiteko, eta jendea bertan gelditzea nahi badugu, etxebizitzak egin egin behar dira.

Baserriak ere hutsik gelditzen ari dira.
Horren aurrean ere pentsatu beharra dago zer egin. Ezin da hiri handi bateko ikuspegiarekin joan landa eremura eta herri txikietara; hori ari gara eskatzen administrazioari. Baserri hutsena arazo bat da; gai hori inportantea da lurrak tartean daudelako eta lur horiek kudeatuko dituzten pertsonak bilatu behar direlako. Estrategiak ezin du izan landa eremuan bizi direnei lan horiek eginaraztea; landa eremua mantendu nahi badugu, sektorea mantendu behar da. Hor bilatu behar dugu oreka. Ez dira gauza errazak.

Zergatik ez dago erreleborik landa guneetan?
Pixkanaka, baina badago. Dena den, haurrei esaten al diete eskoletan lehen sektorea diru iturri bat dela eta hortik bizi daitekeela? Ez. Baserritarrak eta hezkuntza ez dira ari esaten lehen sektorean lan egitea ere izan daitekeela bizitzeko modu bat. Beizaman txakolin ekologikoa egiten hasi zirenean edo Azpeitian Sakona etxaldea zabaldu zutenean, denek esaten zuten ea erotuta al zeuden halako proiektuak martxan jarri zituztenak. Inork ez du inor animatzen mundu horretan sartzera. Baserritarrek ez baldin badute esaten hortik bizi daitekeenik, nor animatuko da? Erreleboa falta da, eta batez ere, errelebo naturala; hau da, etxekoek ez dute jarraitzen. Gainera, oraindik lehen sektorean jabetzaren zera hori barneratuta daukagu; gure baserria eta gure lurrak mantendu nahi ditugu, ez dizkiegu kanpokoei utzi nahi, baina inork ez du lanean segitzen lur horietan. Bigarren etxebizitza bezala gelditzen ari dira baserriak. Eta zerotik ezin da inor hasi, horretarako izugarrizko inbertsioa egin behar delako: baserria eta lurrak erosi, ustiategia martxan jartzeko dirua jarri…

Arazoa potoloa da, beraz.
Ez da hemen bakarrik gertatzen ari den gauza bat, Europa osoko arazoa da. Erakundeak ari dira azken urteetan era ezberdinetako egitasmoak sustazen, baina administrazioa orokorrean beti joaten da gizartearen beharretara beranduago egokitzen. Eta baserritarren inplikazioa ere beharrezkoa da.

Ez al dituzu inplikatuta ikusten?
Nik uste dut dagoela halako tristura bat… Horrek jendea animatu beharrean, alderantzizkoa eragiten du. Nekazaritzan azpisektore asko daude, eta azpisektore bakoitzak bere arazoak ditu. Ezkortasuna zabalduta dago.

Zer kalte ekar ditzake errelebo falta horrek?
Ari gara ikusten kalte horiek: mendiak zikinak daude, herribideak desagertzen ari dira, baserriak hutsik daude… Eta arazo horiek areagotzen joango dira. Benetan arduratu behar gaituena zera da: nork ekoitziko ditu gure elikadurarako behar ditugun barazkiak, fruituak, haragia eta esnea? Kanpotik ekarri behar al dugu dena? Hori da jendeari pentsarazi nahi dioguna. Eta herritarrok zer egin behar dugu? Bertakoa kontsumitu. Baserritar gehiago egotea nahi badugu, haiek ikusi behar dute hortik bizi daitezkeela eta beren produktuak erraz salduko dituztela. Horrela, jende gehiago murgilduko da mundu horretan. Badago jendea lehen sektorean lanean hasi nahi duena, baina horiek arazoak dituzte lurrak eskuratzeko, inork ez baititu saldu nahi. 2050. urtean Europan elikagaien gabezia izango dugula diote.

Herri txikien garapenerako aukerak eta esperientzia berritzaileak ezagutzea, identifikatzea eta ezagutaraztea izan da Herri Txiki Adimentsuak jardunaldien helburua. Zer ikasteko balio izan dizute saioek?
Mezu positiboarekin gelditzen naiz, eta mezu hori honako hau izan zen: herri handietan baino askoz hobeto bizi da jendea herri txikietan. Herri txikietako bizilagunak pozik bizi dira, eta hori antzeman egiten da. Bada herri handietan galtzen ari den zerbait. Herri handietan esaten da komunitateetan bizi garenok daukagula harremana, baina hori ere galtzen ari da. Lehen bizilagunarengana joaten ginen zerbait falta bagenuen, baina orain, ahal dela ez; indibidualista bihurtzen ari gara. Herri txikietan, berriz, komunitatearen zentzu hori mantentzen dute oraindik. Inportantea da herri giro hori mantentzea, ze horrek egiten ditu berezi herri txikiak. Eta herri txikietako biztanleek ez dituzte herri handietako ereduak jarraitu behar, beraiek sortu behar dituzte beren ereduak, beren nortasunaren arabera.

Zein da herri txikiek segi beharreko bidea?
Herritarrek beraiek erabaki behar dute zein den jarraitu nahi duten bidea. Hori da inportanteena; herritarrek beren artean erabakitzea eta herria denen artean egitea. Herrian bertan bizi eta lan egiteko ereduak bilatu behar dituzte, herria logela bat bilakatu ez dadin. Garrantzitsua da herri batek beste herri baten beharrik ez izatea oinarrizko beharrak asetzeko. Eta herriek eskatzen diguten horretan laguntzeko prest izango dute Urkome

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!