'Komunikazioaren balioa salmenta-prozesuan' tailer berria antolatu du UKUEk, urriaren 28rako

Karkara 2019ko urr. 21a, 13:20

Saio bakarreko formakuntza saioa izango da, "erabat praktikoa". Helburua da "ekintzaileek eta enpresari txikiei salmenta-prozesuak hobetzeko estrategia eta tresnak eskaintzea", "fokua komunikazioan jarrita". Mankomunitatearen egoitza nagusian egingo dute tailerra, Zarautzen.

EKITEN, ekintzaile eta enpresarien ekosistema dinamikaren barruan, ekintzaileei eta enpresari txikiei zuzendutako tailer berria antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Komunikazioaren balioa salmenta prozesuan tailerrak izan duen harrera "ona" izan delakoan, gaiari berriz heltzea eta saio berria prestatzea erabaki du mankomunitateak. Hala, "erabat praktikoa" izango da oraingo saioa, eta urriaren 28an egingo dute.

UKUEko kideek azaldu dutenez, saioaren helburu nagusia da enpresen "salmenta-prozesuak hobetzeko estrategia eta tresnak eskaintzea"; "kasu honetan, fokua komunikazioan jarrita". Izan ere, mankomunitatearen iritziz, egungo "marketing arazo larriena" da "komunikazioak huts egiten duela salmenta prozesuan"; hau da, "ez dela modu eraginkorrean erabiltzen". Hala, Komunikazioaren balioa salmenta prozesuan tailerraren bidez, "bezeroarekin komunikazio egokia lortzeko metodologia" landuko dute bertaratzen direnek.

Saio bakarra

Saio bakarreko formakuntza izango da; urriaren 28an, astelehena, egingo dute. Lau orduko tailerra izango da; 09:30etik 13:30era, UKUEren egoitza nagusian, Zarauzko Urdaneta bideko 6. zenbakian. Gaiari buruzko aurreko saioan parte hartu zutenentzat "irekita" dago saioa, baita "lehendabizikoz parte hartzeko interesa dutenentzat" ere.

Formakuntza tailerrean parte hartzeko asmoa dutenek UKUEn eman behar dute izena, egoitza nagusira bertaratuta, e-mailez mezu bat bidalita (jpino@urolakosta.eus), edota telefonoz deituta (943 890 808). onako datuak jakinarazi beharko dituzte: IZK/NAN, ekintzaileen izen-abizenak edota enpresaren izena, jarduera sektorea, e-maila, telefono zenbakia, eta ikastaroaren izena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!