PAPEREKOA

Pandero hotsak urrian

"Egunero oilarraren kukurrukuak esnatzen ditu baserritarrak. Eta orain, makinaren dardarak herritarrak."

Pandero hots ezberdinekin agurtu dugu udako eguralditik udazkenekora garamatzan hilabetea. Herri osoa katarroz bete duen hilabetea. Egun batean kamiseta beso motza, eta hurrengoan txamarra beroa jantzi behar izaten den hilabetea. 
Badirudi tenperatura hotza Kofradia Zaharraren agurrarekin batera etorri dela. Eta hilabete luzez geratzeko, gainera. 1926. urtean eraiki zuten gure Kofradia Zaharra, 93  urte herriaren bihotza izaten, itsas bizimodua eta izaera. Eta hiru egun hori guztia goitik behera botatzeko. Orduantxe entzun genituen lehenengo pandero hotsak. 

Bigarren pandero hotsak herri erdiko lanekin batera  etorri ziren. Egunero oilarraren kukurrukuak esnatzen ditu baserritarrak. Eta orain, makinaren dardarak herritarrak. Errusta tabernatik hasi eta plazaraino geratu gara ia lurzorurik gabe. San Nikolas jaiak ere lekuz aldatu behar izan dituzte. Aurten, Ikastola pareko plaza hartuko dute festetako pandero hotsek. 

Eta nola ez, Aiako Andatza auzoko pandero soinuek agurtu dute urria. Hilaren 20an eman baitzioten hasiera aurtengo denboraldiari. 18:30ean hasi, eta jo ta su jarduten dute trikitilariek hiru orduz. Haur gazte zein helduek badute hemendik aurrera igandero gorputza mugitzeko aukera, trikiti eta pandero hotsekin batera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!