PAPEREKOA

Danbor hotsak aldaketarako bidean

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko urr. 27a, 11:00
(Onintza Lete Arrieta)

1379. urtean fundatu zuten Orio, eta mendez mende herritarren bizitzak osatu du bertako historia. Horren adibide dira herriko kaleen izenak. Gaur egun, hamarkadaz hamarkada osatzen joan den kondairak presente jarraitzen du  herria osatzen duten toponimoetan.

"Gizateriaren historia ez da bakarrik gertaera sozio-politiko handien historia, baizik eta gizabanako bakoitzarena, gizon-emakumeena, historia bera osatzen duten pertsonena. Gizakirik gabe historia nortasunik gabeko gertaeren eta daten pilaketa izango litzateke, inolako zentzurik gabekoa". Hala dio Fernando Alvarez historialariak Arte Mágica y hechicería medieval liburuan. 

Orio (Noble y Leal Villa-Real de San Nikolas Orio), 1379an fundatu zuten, eta, mendez mende bertan bizi izan den jendearen bizitzek osatu dute herriaren historia, Alvarezen esanak dioen moduan. 

Horren adibide dira herriko kaleen izenak. Erromatarren garaikoa da jabetza publikoetan zein jabetza pribatuetan mugarriak jartzeko ohitura. Antxon  Agirre (1946-2014) etnografoak, Orio, oro, hori herriko historiaren liburuan, 1890. urteko Orioko kale, auzo eta tokien toponimoak ageri diren zerrenda argitaratu zuen. Hogeita sei, guztira. 1904. urtean, honako hauek osatzen zuten kale-izendegia: Plaza Publica, Plaza de la Feria, Avenida P. Lertxundi, San Nicolas, P. Urtesabel, P. Agandaburu, Antxiola, Arizaga eta Hoak. Gaur egun, hogeita zazpi toponimok osatzen dute Orio. Tartean, Almirante Oa, Antxiola, Aritzaga eta Urdaire kaleak eta Endaia plazak.

Kaleen izenak jakin badakizkigu. Baina, zergatik izan ziren herritar haiek gure herriaren historiaren parte? Antxon Agirrek aipatu, liburuan, historian nabarmendu diren zenbait herritarren datuak argitaratu zituen. "Arma karreran nabarmendu direnak, Espainiaren administrazioko goi mailako funtzionarioak ere izan dira beste batzuk; eta letretako pertsonak, apaiz erudituak eta garrantzi handiko bestelako lanbideetakoak ere bai". Zerrenda osotik ondorengo oriotar historiko hauek berreskuratu ditu KARKARAk:

Juanes de Urdaire (1550-1606). Urdaire kalea. Orion jaio zen eta balea arrantzako kapitain izan zen. Itsas armategiko kapitain lanpostua sortu zenean Urdaire izendatu zuten; bera izan zen kargu horretan aritu zen lehena. Tierra Firme armadako almirantea. 1603.urtean Galeoietako almirantea izan zen. 

Antonio de Areizaga (?-1720). Aritzaga kalea. Errege Armadako almirantea izan zen. San Pedro gerraontziko kapitaina. 

Tomas Endaya (XVIII.mendea). Endaia Plaza. Bay probintziako gerra kapitaina izan zen, bi aldiz Manilako alkate eta Hegoaldeko Itsasoko Ibilbideko jenerala hiru (Filipinak) aldiz. 1710. urtean ejertzito guztiaren maisu izan zen; hau da, bigarren kargu inportanteena zuen. 

Gabriel de Hoa (XVI-XVII mendeak). Almirante Oa kalea. Felipe III.a Erregearen idazkaria izan zen Indietako Errege Kontseiluan. Berak bideratuta, Erregeak 14.000 dukateko dirulaguntza eman zuen Orioko barra eta moilako arazoa konpontzeko. 

Manuel Antonio de Antxiola (XVIII.mendea).  Antxiola kalea. Urteetan Karlos III.aren ministro izan zen.

Izenak aldatzeko nahia

Azken hilabeteotan, aipatutako bost kaleen izenen jatorriak herriko gazteen artean zabaldu  dira, askoren haserrea eraginez. Erreakzio horrek bultzatuta, herriko gazteenek, iraileko azken asteburuan ospatu zituzten 10. Gazte Festei hasiera emateko, kaleen izenen aldaketarako bidea egin zuten, hausnarketa bultzatuz. 

Herri indigenen aldeko eta konkistatzaileen kontrako diskurtso batekin eman zioten hasiera festari. Jarraian, aipatutako bost kaleen izenak aldatu zituzten, sinbolikoki, plaken gainean izen berrien biniloak jarriz.

Pregoian, ekintza horren testuingurua azaldu zuten, indigenen deshumanizazioa eta animalizazioa azalduz. "Konkistatzaile eta kolonizatzaileek egindako bortxaketetatik arrazen nahasketa, mestizajea sortu zen. Europarrek garbi utzi zuten nor ziren gizaki oso eta nor beren azpiko. Honela, arrazen espektro hori sailkatu  zuten, supremazia zuria eraikiz. (...) Era berean, ozeano arteko merkataritza hasiko zen eta esklabo afrikarren salerosketa". 

India eta Amerikaren inbasioa azalduta, Orion "sarraski eta supremazia zuriaren eraikuntzan kolaboratu" dela helarazi zuten, Urdaire, Aritzaga, Endaia, Hoa eta Antxiolaren izenak miresteagatik. "Iraganeko akatsak ez errepikatzeko, historia zapalduen ikuspuntutik idatzi behar da. Alegia, bost oriotar hauek kriminal gisa hartu behar ditugu, eta ez heroi gisa". 

Horrela, hilabete luzez izen berrien bila lanean jardun da Gazte Festetako batzordea: "Gure herriaren historian zer esana eman duten emakumeak aurkitu nahi genituen, merezi duten garrantzia emateko". Bilaketa bide zaila izan dela adierazi dute, ordea, antolatzaileek. "Historia betidanik gizonezkoek idatzi dutenez, ez da besterik ageri dokumentuetan". 

Egoeraren aurrean, hasierako ideia moldatu beharra izan zuten gazteek, eta lanketaren ondoren honakoak dira proposatu dituzten kaleen izen berriak: 

Inude kalea. (Antxiola). Inudeak edo hazamak bere haurra ez den jaioberria bulartzen duten emakumeak dira. Mendebaldean, egun, ia desagerturik dagoen lanbidea bada ere, aurrehistorian hasi eta XIX. mendera arte oso ohiko lanbidea izan zen. 
Euskara kalea. (Aritzaga). Orion euskarak duen garrantzia aitortzeko asmotan. 

Kixkurne kalea. (Urdaire). Orioko Gazte Festetako pertsonaia nagusia da Kixkurne. Urte luzez, jaien hasiera eta amaiera berak eman du Kixkurneren igoera eta jaitsiera bezala ezaguna den ekintzarekin. 

Gaupasero kalea. (Almirante Oa). Azken urteotan ohitura bihurtu da San Pedro eta San Nikolas jaietan, KARKARAk ateratzen duen "gaupaseroen argazkia" Tragoxka tabernaren ondoko eskaileretan. 

Sorgin plaza. (Endaia). Historian   zehar   euskal   kulturak, sineskeriek, hizkuntzak zein bertako emakumeek makina bat bortizkeria jasan behar izan ditu. Horren  adibide,  besteak  beste  Pierre  de  Lancre  epaileak salatu eta zigortu zituen zenbait "sorgin". Hala, euskal sorginak emakume gaizto eta deabruzaleak bezala irudikatu izan dira. Herriko gazteek plaza horrekin sorginak benetan izan ziren modura gogoratu nahi dituzte, eta ez saldu duten modura.

Oharra: Gazte Festetako batzordea Udalarekin elkartu da eta jaien aurretik kaleen izendegiaren aldaketan lanean ari zirela helarazi dute. Hausnarketa aurrera doa eta Udalak, herritarrekin eta gazteekin batera lanean jarraitu nahi du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!