Open Lab egitasmoak ikastaroak antolatu ditu datozen hilabeteetarako

Karkara 2019ko urr. 28a, 14:41
3D inpresioa, laser grabatzailea eta Scrath programazio-lengoaiari buruzko prestakuntza saioak izango dira.

Urola Kostako Udal Elkartearen Open Lab guneak hainbat prestakuntza saioa antolatu ditu hurrengo hilabeteetarako. Oinarrizko ezagutzak lantzeko saio bakarreko 4 ikastaro izango dira

Alde batetik, 3D inprimagailuei buruzko prestakuntza eskainiko dute. Bi ikastaro izango dira; lehena urriaren 29an izango da eta bigarrena azaroaren 26an. Hala, parte hartzaileek 3D inprimagailu bat erabiltzen hasteko oinarrizko ezagutzak eskuratuko dituzte. Hala nola, 3 dimentsiotako fitxategi bat eskuratzen, prestatzen eta inprimagailua martxan jartzeko argibideak jorratuko dituzte. Horrez gain, Cura programak eskaintzen dituen aukerak ere irakatsiko dira. Amaieran, ikasleek aukera izango dute 3D inprimagailuaren bitartez objektu propio bat egiteko. 

Bestetik, laser grabatzaileek eskaintzen dituzten aukerak ezagutzeko aukera ere zabaldu da. Inkscape programaren bitartez, laser makinarekin lanean hasi aurretik jakin beharrekoak landuko dira. Laser makinaren kudeaketaz hiruzpalau nozio jaso ondoren, makinak martxan jartzen ere ikasiko da. Ikasle bakoitzak bere opari/oroigarri bat sortzeko aukera izango du.  Gomendatzen da, ahal den heinean, norberak bere ordenagailua eramatea ikastarora. Azaroaren 19an izango da laser grabatzailearekin trebatzeko ikastaroa.

Azkenik, Scrath aplikazioaren bitartez ordenagailuen programazioan lehen urratsak emateko ikastaroa ere antolatu du UKUEk. Programazioaren inguruko aurre-ezagutzarik ez da behar ikastaroan parte hartu ahal izateko, eta gomendatu dute, ahal den heinean, norberak bere ordenagailua eramateji. Abenduaren 17an eskainiko da Scratch aplikazioari buruzko saioa.

Ikastaro guztiak Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzako Open Lab gunean izango dira (Urdaneta bidea 6, Zarautz). Asteartetan, arratsaldez, 18:00etatik 19:30era. UKUEtik zehaztu dute, prestakuntza teorikoa euskaraz izango da.  

Ikastaroren batean izena eman edota informazio gehiago jaso nahi dutenek, mezua idatzi edo telefono bidez harremanetan jarri daitezke Urola Kostako Udal Elkartearen Open Lab sailarekin.

  • Tel. 943 890808
  • openlab@urolakosta.eus

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!