Orioko hainbat eremu urak hartzeko arriskuan egongo dira 2050erako

Karkara 2019ko urr. 30a, 14:15
Orion, itsasadarraren inguruetan dago uholde arrisku gehien.

Climate Central ikerketa zentroak mapa batean erakutsi du itsasoaren maila igotzen denean, non izan dezaketen uholde arriskua: gaur egun Orion jendea bizi den eremu zabalak ageri dira, baita Aiako Ubegun industrialdea ere.

Klima aldaketaren eraginez 2050erako itsasoaren maila nola igoko den aztertu du Ameriketako Estatu Batuetako Climate Central ikerketa zentroak. Mundu mailako ikerketa da, eta mapa zehatzak egin ditu.

Euskal Herriari dagokionez, oro har, kostalde osoan nabarituko dute eragina itsasoaren maila igotzean, baina toki batzuek uholde arrisku handiagoa dute, haien orografiagatik: Orio dago horien artean, baita Aiako Ubegun industrialdea ere. Urola Kostako gainerako herriei dagokienez, arrisku handiena Zarautzen egongo da, baina baita Getarian eta Zumaian ere.

Orain arteko ikerketek baino egoera okerragoa iragarri du ikerketa berri honek, eta gure herriak ez dira salbuespen izango. Mapan ikus daitekeenez, Orion hondartza inguruko lurrek eta kirol portuaren inguruko eremu osoak izango du uholdeak izateko arriskua. Baita kiroldegi, futbol zelai eta ingurune horretako bizitokiek ere.

Horrez gain, Aiako lurretan dagoen Ubegun industrialdea ere arrisku gunetzat hartu dute. Hain zuzen, itsasadarraren bi aldeetara dauden lurrak ageri dira mapan. 

Mapak hemen ikus daitezke

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!