PAPEREKOA

"Naturarekin kontaktuan egotea da gehien gustatzen zaidana"

Zingira Eskola 2019ko aza. 2a, 10:00
(Utzitako argazkia)

Zingira Eskolako ikasleek elkarrizketa egin diote Gemma Serra Deu artzainari, 'Ikasleak idazle' atalaren barruan.

Non jaio zinen eta noiztik zara artzain?

Katalunian jaio nintzen. Duela 6 urte erosi nituen ardiak eta handik 3 urtera egin nintzen artzain.

Nola izena du zure baserriak eta non dago?

Makatza Borda izena du eta Aian dago, Zingira Eskolaren gainean zehazki.

Zein animali mota dituzu  zure baserrian?

Egia esan, animalia asko bizi dira gure baserrian: ardiak, katuak, behorra, kanarioak, txakurrak, ahuntza, oiloak eta erleak.

Zenbat ardi dauzkazu? Ba al dute izenik?

150 ardi ditut eta niretzat bereziak direnei jartzen diet izena. Adibidez, Rizos, Helechitos edo Izar izena dutenak daude.

Ihes egiten al dute ardiek?

Bai, nik partzela desberdinetan edukitzen ditut belarra jaten. Batzuetan, ordea, ondoko partzelan belar goxoagoa ikusten badute, zulotxo batetik bertara joaten dira. Beti berdinak izaten dira ihes egiten dutenak. Gero besteei deitu, eta denak atzetik joaten dira.  Gero zuloa tapatu beharra izaten dugu.

Ardiak zenbat urte bizitzen dira? Zein da eduki duzun ardirik zaharrena?

Daramaten bizitzaren arabera, gehiago edo gutxiago bizi dira. Niri ondo zaintzea gustatzen zait eta nireak 10 urte bizi dira gutxi gorabehera. Eduki dudan ardirik zaharrenak 12 urte zituen, gaixota hil zen.

Gazta egiten duzu? Eta beste produkturik ekoizten al duzu?

Gazta egiten dutenei esnea saltzen diet. Bestetik, arrautzak, propoleoa eta eztia egiten ditut. Eztia saldu egiten dut.

Lastoa zeuk biltzen duzu, ala erosi egiten duzu?

Lasto gehiena erosi egiten dut, baina garoa ere erabiltzen dut azpitarako, eta garoa neuk biltzen dut.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?

Animaliekin egotea eta aire librean ibiltzea. Naturarekin kontaktuan egotea da gehien gustatzen zaidana.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!