Hiru aholku, eguraldi txarrarekin bizikleta hartzen denerako

Karkara 2019ko aza. 11a, 15:30

Bai, erosoagoa da udan eta udaberrian bizikletan ibiltzea, baina eguraldi txarrak ez du zertan oztopo izan bizikleta hartzeko. Eguraldi hotzarekin, bustiarekin eta elurrarekin ere, bizikletan eroso eta epel ibiltzerik badago. Hona hemen horretarako zenbait aholku.

1. Arropa egokia jantzi:

Gorputza bero mantentzen laguntzen duten arropak jantzi, baina ez jantzi arropa gehiegi, bestela berehala hasiko zara izerditan. Arropa iragazgaitza eta transpiragarria erabiltzea da gomendagarriena; haize-ebakitzaileak oso erabilgarriak dira.

Garrantzitsua da eskularru eta galtzerdi lodiak janztea eta baita bufanda edo lepokoa ere, gorputz adarretatik beroak ihes egitea ekiditeko. Euria egiten duenean, zira da aukerarik onena. Egun horietan gutxiago ikusten da;beraz, besteek zu ikusteko moduko jantziak eraman eta erabili argiak. Babestu itzazu begiak uretatik eta zipriztinetatik. Begi-babesdun txanoak oso egokiak dira egun horietarako.

2. Arreta handiagoz gidatu:

Kontuan izan eguraldi zakarrak gidatzea zaildu egiten duela, zorua labainkorragoa egongo delako eta gutxiago ikusiko dugulako. Hortaz,arreta handiagoarekin gidatu. Euria ari duenean, bihur-guneak eta birak astiroago hartu eta ez egin mugimendu zakarrik.

Gurpil azalak bustitzen direnean, zailagoa da balaztatzea; beraz, balaztatzeko distantziak handitu eta pixkanaka balaztatu. Kontuan izan, labainkorrago egon daitezkeela asfaltoan marraztutako lerroak, zebra-bideak, metalezko gainazalak eta beste zenbait elementu.

Ahal izatera, ez sartu putzuetan, beste oztopo batzuk ezkutuan egon daitezkeelako. Argi ibili euria hasten duen lehen minutuetan, euria lurrean dagoen olioarekin nahasten delako, eta zorua labainkorrago jartzen delako. 

3. Puntuan izan bizikleta:

Bizikleta puntuan izatea beti da komenigarria, baina neguan are gehiago. Bizikletei neguko gurpilak jartzea badagoen arren, hiriko txirrindulariek ez dute ohitura handirik. Hala ere, ziurtatu gurpilak egoera onean dituzula, marrazkitxoak badituztela eta ez daudela gastatuegi.

Balaztak ongi izatea eta zapatak aldatzea ere komenigarria izaten da, eguraldi makurrak zaildu egiten duelako balaztatzea. Bizikletaren aurrealdean eta atzealdean lohi-babesak eramanez geroz,askoz gutxiago bustiko eta zikinduko zara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!