Parte hartzea jaitsi arren, EAJk eta EH Bilduk botoak irabazi dituzte eskualdean

Aritz Mutiozabal/Nerea Uranga-Urola Kostako Hitza 2019ko aza. 12a, 10:24

EAJ izan da lehen indarra, Urola Kostako 11 herrietan 15.984 boto jasota. EH Bilduk jaso ditu bigarren boto gehien: 13.823. Eskualdeko parte hartzea %69,99 izan da. Aian zein Orion, EAJ izan da alderdi bozkatuena.

Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagai zerrendak bozkatu zituzten igandean milaka herritarrek, eta apirilean bezala, oraingoan ere EAJ izan da alderdi bozkatuena Urola Kostan, 11 herriak kontuan hartuta. Guztira 15.984 boto lortu dituzte jeltzaleek, eta bigarren indarra EH Bildu izan da, 13.823 boto eskuratuta. Elkarrekin Podemos izan da hirugarren alderdi bozkatuena 4.155 boto jasota, eta laugarrena PSE-EE, 3.975 boz eskuratuta. Horien atzetik geratu dira Vox eta Ciudadanos, hurrenez hurren; lehena 414 botorekin eta bigarrena 158rekin. Kongresurako hauteskundeen emaitzak dira horiek. Izan ere, Senatukoak beranduago jakingo dira.

2019ko apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako eskualdeko emaitzekin alderatuta, EAJk, Elkarrekin Podemosek, PSE-EEk eta Ciudadanosek behera egin dute botoetan. Oraingo bozetan alderdi jeltzaleak 722 boto gutxiago jaso ditu; Elkarrekin Podemosek 1.083 gutxiago; PSE-EEk 644 gutxiago eta Ciudadanosek 389 gutxiago. Apirilean baino boto gehiago jaso dituztenak ere badira: EH Bilduk 241 boz gehiago jaso ditu, PPk 86 boto irabazi ditu eta Voxek 65.

Urola Kostako 11 herriak kontuan hartuta, apirileko hauteskundeetan bezala EAJk irabazi du herri gehienetan, seitan, hain zuzen ere: Aian, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Orion eta Zarautzen. EH Bilduk bost herritan irabazi du: Aizarnazabalen, Errezilen, Getarian, Zestoan eta Zumaian. Hala ere, bada alderik oraingo honetan: apirilekoan Zumaian EAJk irabazi zuen, eta Beizaman bi alderdi abertzaleek berdinketa izan zuten.

Aian zein Orion, beraz, EAJk lortu ditu boto gehien; apirileko emaitzak hobetuta, gainera. EH Bilduk ere boto gehiago lortu ditu bi herrietan.

Parte hartzea behera

Urola Kostan 57.477 herritar zeuden deituta botoa ematera, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan parte hartzeko. Horietatik 40.233 hauteslek eman dute botoa, eta eskualdeko parte hartzea %69,99 izan da.

Apirileko hauteskundeetan parte hartzea %70etik gorakoa izan zen Urola Kostako ia herri guztietan. Oraingo honetan, ordea, Azkoitian, Getarian eta Zarautzen bakarrik gainditu da parte hartze kopuru hori. Aurreko bozetan bezala, parte hartzerik handiena Getarian izan da (%76,34), eta bigarren handiena, berriz, Zarautzen (%72,21). Azken bozetan bezala, Beizamakoak izan da oraingoan ere gutxien bozkatu duten herritarrak: %56,14 izan da parte hartzea (%59,29 apirilean).

Gobernu eraketa

Espainiako haustekundeetako emaitzek eman dute ezustekoa, batzuen mesederako eta besteen kalterako, baina ez dira izan aldaketa zorrotzak sorrarazteko modukoak. PSOEk, nolabait ere, eutsi egin dio orain arte zuen babesari, eta eskuinak –PPk eta Voxek eskutik– gorakada nabarmena izan du, Elkarrekin Podemos jaitsi egin da eta Ciudadanos, aldiz, hondoratu.

Gobernatzeari dagokionez, lehengo lepotik burua: ezkerreko alderdiek elkartuta ez dute gehiengo osoa lortzen, eta eskuineko alderdiek elkartuta ere ez. Eta ez dirudi alberdi subiranistekin eta abertzaleekin inork traturik nahi duenik, salbuespenak salbuespen. Kinieletan, esaterako, EAJ gehitu dute PSOE, Elkarrekin Podemos eta Mas Pais alderdiekin gobernua eratzeko espekulazioetan. 

Ez da harritzekoa: Kataluniako eta Euskal Herriko alderdiak giltza izan daitezke oraingoan ere. Gainera, kontuan izan behar dira EAJk eta EH Bilduk izan dituzten emaitza onak; izan ere, bakoitzak parlamentari bat gehiago izango du aurrerantzean, hau da, jeltzaleek zazpi eta koalizioak bost. Espainiako emaitza orokorrak, hein handi batean, Urola Kostako emaitzetan ere islatzen dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!