Albizuri Handi Txapelketan lehiatuko dira Ostolaza Eskolakoak

Karkara 2019ko aza. 15a, 11:40

Amezketako Albizuri Handi Txapelketa jokatuko dute bihar, Larrunarri pilotalekuan. Zortzi harri-jasotzaile saiatuko dira 166,5 kiloko harri baldarra bizkarrean berdintzen, tartean, Ostolaza Eskolako kideak.

Lau urte pasatu dira Amezketako Albizuri Handi harria plazan ikusi gabe. Bihar, harri baldar hori udaletxeko bere txokotik atera, eta Albizuri Handi Txapelketa jokatuko dute Amezketan. 17:00etan hasiko da zortzi harri-jasotzaileren arteko lehia hori, Larrunarri pilotalekuan. Jokin Eizmendi, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi Kortaberri, Aimar Irigoien, Xabier Peñagarikano Peña, Beñat Telleria Telleria IV.a eta Josu Urbieta izango dira parte hartzaileak.

Txapelketa egunera arte ez dute ukitu harririk, eta inork ez du izan aukerarik probarik egiteko. Hamar minutuko txanda izango du bakoitzak, eta eskuak eta jantziak garbi izan beharko dituzte. Ikuskizunaz gozatu nahi duenak bihar bertan 15 euro ordaindu beharko du sarrera. Amezketako Udalak antolatzen du txapelketa, eta 1.300 euroko saria dago irabazlearentzat.

Albistea osorik irakurtzeko: Gipuzkoako Hitza

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!