Edukiontziak irekitzeko bigarren txartela banatuko dute, eskualdeko etxebizitza guztietara

Karkara 2019ko aza. 18a, 14:30

Herritarrek datozen egunetan jasoko dute txartela, postaz.

Urola Kostako Udal Elkartetik jakinarazi dute, errefusaren eta organikoaren edukiontziak ireki ahal izateko bigarren txartela banatuko dutela eskualdeko etxebizitza guztietara. Herritarrek datozen egunetan jasoko dute txartela, postaz.

Bigarren txartel horrek ere, norberaren etxebizitzari dagozkion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekiko ditu. Hala, txartela galdu edota hondatuz gero, herritarrek berri bat eskuratu ahalko dute udaletxean edo udal elkartean.

Etengabeko jarraipena: doiketak eta hobekuntzak
Iazko martxoan jarri zuten martxan hondakinak biltzeko sistema berria, sailkatuta ahalik eta hondakin gehien jasotzeko asmoz. UKUEk 2019an zehar hainbat neurri hartu ditu bilketa zerbitzua hobetzeko, eta herritarren iritzi eta iradokizunak kontuan hartuta, udal elkarteak erabaki du eskualdeko etxebizitza guztietara bigarren txartela banatzea. "Zalantzarik gabe, sistema abiatu genuenetik bilakaera positiboa izan da, eta hasiera-hasieratik erakutsi dute herritarrek jarrera ezin hobea". Hala ere, udal Elkarteak dei egin die herritarrei, "arduraz eta ingurumenekiko begirunez jarrai dezaten. Udal Elkarteak lanean jarraituko du, etengabeko hobekuntzaren bidetik, %75eko bilketa maila erreferentzia gisa hartuta".

Informazio eta arreta zerbitzua
Txartelaren inguruko gorabeheraren bat dutenek, Hondakinak Biltzeko Zerbitzuarekin jarri behar dute harremanetan, Urola Kostako Udal Elkartera joanda, 943 890808 telefono zenbakira deituta, edo hondakinak@urolakosta.eus helbidera idatzita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!