Itsas esperientzia eta bisigua, 
Itsas Zaporeak ekimena biribiltzeko

Karkara 2019ko aza. 22a, 13:30

Azaroan zehar, igandero eskualdeko herri bakoitzean esperientzia gastronomikoak eskaini ondoren, Itsas Zaporeak ekimena amaitzear da. Igande honetan bukatuko da egitasmoa, Orioko eta Getariako saioekin.

Kosta Gastronomika Urola Kostako turismo eskaintzaren barruan, Urola Kostako Udal Elkarteko bost herrietako bakoitzean itsasoarekin lotutako esperientzia bana ari dira eskaintzen, azaroko igandeetan. Itsas Zaporeak egitasmoa da abian jarritakoa, eta horren bitartez, besteak beste, bailarako gastronomiak duen aberastasunari balioa eman nahi diote.

Herri bakoitzetik, goi mailako kalitatea duten produktuak hautatu dituzte. Hala, aurreko asteetan txotx esperientzia Zarautzen, euskal baserrietako eguneroko bizimodua Zumaian, eta artzain eta gaztagileen ekoizpen prozesua Aian ezagutzeko aukera izan dira. Azkeneko bi esperientzia gastronomikoak igande honetan egingo dituzte, azaroaren 24an: alde batetik, Bisigua Orio Estilora! dastatzeko aukera egongo da Orion (berez, azaroaren 3an egitekoa zen, baina atzeratu egin zuten eguraldi txarragatik), eta, bestetik, Itsas esperientzia Getarian.

Egin zure erreserba

Bisigua Orio Estilora! esperientzian arraina modu horretara prestatzeko sekretu guztiak ezagutuko dira, eskualdeko erretegietako sukaldari maisuen eskutik. Errezetaren historia eta jakingarri guztiak erakutsiko dira. Txakolinarekin lagunduta, bisigua dastatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek, eguerdiko 12:30ean hasita. Ordubete inguruko esperientzia izango da, eta 17 euro kostatuko da. Erreserbak egiteko 943-83 55 55 telefonora deitu daiteke.

Bestetik, Getaria izango da itsas esperientzien azken geltokia. Itsas kontserbak nola egiten diren ikusi eta ikasteko aukera eskainiko dute. Bisitarekin batera, antxoa, hegaluzea eta txakolina dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Goizeko 11:00etan hasiko da bisita gidatua, 11 euro ordainduta. Erreserba egin nahi dutenek 943- 14 09 57 telefono zenbakira deitu dezakete.

Esperientzia gastronomiko hauek guztiak erdi prezioan eskainiko dira; eta 12 urtez azpikoek doan izango dute bisitez gozatzeko aukera. Gehienez ere, 15 pertsonentzako lekua dago ekimen bakoitzeko, eta aldez aurretik izena eman behar da turismo bulegoetan. Orain arteko esperientzia guztiak bezala, azken biak ere eskualdeko itsas ondarearen gaineko kontakizunekin aberastuko dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!