Itxura berrituta dator KARKARA

Karkara 2019ko aza. 28a, 17:30

Gaur arratsaldean eta bihar banatuko dute azaroko zenbakia, Aiako eta Orioko etxeetan.

Batek baino gehiagok ezustekoa hartuko du, gaur edo bihar buzoia ireki eta KARKARA aldizkaria ikusten duenean. Diseinua aldatu diogu, eta kolorez jantzia dator hasieratik bukaerara. Tamainaz ere aurreko zenbakiak baino zertxobait txikiagoa da; baina, ez da kasualitatea, 1987an argitaratu zen KARKARAren 0 zenbakiaren tamainakoa baita gutxi gora-behera. Beraz, aurrera pausua eman du KARKARAk, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, baina nondik datorren ahaztu gabe.

Itxura desberdina izateaz gain, egitura eta atal berriak ere baditu. Ohiko elkarrizketa, erreportaje eta iritziez gain, Euskara eta Osasuna izeneko bi atal berri izango ditu, baita herriko argazkilarien lanak jasotzeko Izpiak eta Hizkiak izeneko txokoa ere. 

Haurrekin pentsatuta, berriz, Plazan Bazan denborapasak txertatuko ditu hilero KARKARAk.

Zozketak KARKARAlaguntzaileentzat

30.urteurrenarekin bat egin du aldizkariaren formatu aldaketak, eta KARKARAren bazkideak saritzeko, zozketa berezia egin da hil honetan: Katxiña Upategian bi lagunentzako otordua. Abenduaren 13ra arte dago izena ematea. Horretarako derrigorrezkoa da bazkide izatea edo bazkide egitea.

Zozketan parte hartzeko edo bazkide egiteko bideak: telefonoz 688 85 96 82 zenbakira deituta edo  karkara@karkara.eus helbidera idatzita.

Hilero egingo dira zozketak, eta saridunen izenak nahiz zozketa berriei buruzko informazioa eskainiko da webgune honetan nahiz aldizkarian bertan.

Itxura aldatu badator ere, Aiako eta Orioko herritar guztien aldizkaria izaten jarraitzen du KARKARAK, eta lan taldeak inoiz baino argiago du, KARKARA herritar guztiena den proiektu kolektiboa dela. Beraz, herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditugu. Denentzat tokia baitago KARKARAn. 

IRITZIA

ALKANDORA BERRIA JANTZITA

Ritxi Uzkudun, Karkarako lehendakaria

Honezkero ez dago sorpresa gordetzerik, bistan da, alkandora berria erosi diogu KARKARAri. Premia zuen gajoak, dena emana zuen aurrekoa, forma galduta. Eta zer hobeto, 30.urtebetetzeari bukaera emateko, sanikolasekin batera alkandora berria estreinatzea baino?

30 urte bete zituen sanpedrotan KARKARAk, eta, buelta batzuk eman ondoren, diseinua aldatzeko garaia heldu zaiola pentsatu genuen. Zer nolako diseinua, ordea? Honezkero ikusiko zenuten bezala, gorputza apenas aldatu zaion. Atalak berberak dira, gutxi gorabehera, bakoitza bere lekuan: Gutunak, Herrian Galdezka, elkarrizketak, erreportajea, Akuilua Hartuta, Moila Bazterretik, Oroimenaren Kutxa, Ikasleak Idazle….. Diseinuan adituak direnengana jo dugu, eta inguruko aldizkariekin lankidetzan aritu gara. Eta, azkenean, ezinbestean prezioari begiratu ondoren, alkandora entallatua eta koloretsua erostera atrebitu gara. 

Entallatua, gorputzera egokitua, estutxoa izango da aukeran batzuentzat, txikia ikusiko dute hasieran, baina KARKARAren gorputz lirain horrentzako egoki-egokia dela pentsatzen dugu.
Koloretsua ere bai. Urteetan zuri-beltzezko kamisetak erabili ditugu, halabeharrez, merkeenak zirelako. Ez dugu ukatuko zuri-beltzak xarmarik ez duenik, KARKARAren estiloa bilakatu da kasik; batik bat, KARKARAk izan ezik, inguruko aldizkari guztiek orain dela 10 bat urte koloreetara jo zutenean. Azken urteetan, erdiko zatia eta azala koloretan eman ditugu. Zenbait atal, argazki galeria eta azala, koloretan erakutsi beharra zeuden. Sukaldeko errezetak Mahai Bueltan atalean argitara ematen hasi ginenean, lekua bilatu ezinik ibiltzen ginen erdiko zortzi orrietan kolokatu nahian. Zerbait koloretan atera nahi bazen, erdiko orrialdeetara ekarri beharra zegoen. Horretaz gain, garaiak ere aldatu dira, modak agintzeaz aparte, txukundu bat ere merezi zuen KARKARAk, ez al zaizue iruditzen?

Jakizue, gainera, KARKARAren 0 zenbakia, 1987an argitaratu zena eta aldizkariaren ernamuina izan zena, formatu txikian plazaratu zela. Hura bezala, hau ez dugu idazteko makinaz idatziko, baina jatorrira bueltatzea bezala izango da, nolabait.

30 urte beteta, gazte izateari laga dio ofizialki KARKARAk, eta adinari dagokion moduan, alkandora berria jantzi diogu. Helduaro oparoa eta emankorra dauka aurretik!

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!