PAPEREKOA

Aiako atalaiatik

Eli Lasa 2019ko abe. 2a, 14:30

KARKARAk 30 urte bete ditu. Ez da nolanahiko urteurrena. Ez dira asko izango 30 urtetan fin-fin hilero zenbakia argitaratu duten aldizkariak. Hori posible izan dadin, kazetari eta boluntario mordoak lan egin dute KARKARAn, eta horien bizipenak jaso nahi izan ditugu txoko honetan.

Urte hauetan Karkara-ko kolaboratzaile bezala anekdota ugari izan dira. Hainbeste denbora pasa denik ere! Ni hasi nintzenean herriko berriak biltzen genituen (hasiera batean, Idoia Zarautzekin batera) eta norbait elkarrizketatzen genuen Aiako lau orriak bete ahal izateko. Elkarrizketa grabatu ondoren denbora pilo bat ematen genuen hori paperera pasatzeko, hitz egindako guztia modu txukun batean islatu nahian. Dena eskuz egiten zen (interneten arrastorik ez) eta protagonistei ateratako argazkiak errebelatzeko egun batzuk behar izaten ziren; beraz, beti denboraren kontra ibiltzen ginen inprentara eramateko. Buzoi bat zegoen Orioko udaletxeko atzealdean eta gehienetan asteburuan joaten nintzen egindako lana bertan uztera. Eta behin inuzente batek lapurtu egin zuen nik utzitakoa; Karkara-tik deitu zidatenean ezer ez zegoela esanez, hura larritasuna: artikuluaren kopiarik ez (eskuz egina zegoen) eta argazkirik ere ez! Eta inprentara eraman behar egun berean. Ez dakit nola, baina nolabaite konpondu nuen.

Beste atal batetaz ere arduratzen nintzen: herritarrei iritzi artikuluak eskatzeaz. Jende askok hartu zuen parte eta une hau aprobetxatu nahi dut eskerrak emateko denei, baina bereziki Jose Mari Lertxundi eta Nikolas Zendoiari, eskatu ere egin gabe behin baino gehiagotan oparitu zizkidatelako. Eta zein ondo etorri zitzaizkidan!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!