PAPEREKOA

Iritzia: Alkandora berria jantzita

Rikardo Uzkudun 2019ko abe. 3a, 11:45

Hona hemen Rikardo Uzkudunek KARKARAren 411. zenbakirako idatzitako iritzi artikulua, 'Akuilua hartuta' atalean. "Eta zer hobeto, 30. urtebetetzeari bukaera emateko, sanikolasekin batera alkandora berria estreinatzea baino?"

Honezkero ez dago sorpresa gordetzerik, bistan da, alkandora berria erosi diogu KARKARAri. Premia zuen gajoak, dena emana zuen aurrekoa, forma galduta. Eta zer hobeto, 30. urtebetetzeari bukaera emateko, sanikolasekin batera alkandora berria estreinatzea baino?

30 urte bete zituen sanpedrotan KARKARAk, eta, buelta batzuk eman ondoren, diseinua aldatzeko garaia heldu zaiola pentsatu genuen. Zer nolako diseinua, ordea? Honezkero ikusiko zenuten bezala, gorputza apenas aldatu zaio. Atalak berberak dira, gutxi gorabehera, bakoitza bere lekuan: Gutunak, Herrian Galdezka, elkarrizketak, erreportajea, Akuilua Hartuta, Moila Bazterretik, Oroimenaren Kutxa, Ikasleak Idazle….. Diseinuan adituak direnengana jo dugu, eta inguruko aldizkariekin lankidetzan aritu gara. Eta, azkenean, alkandora entallatua eta koloretsua erostera atrebitu gara.

Entallatua, gorputzera egokitua, estutxoa izango da aukeran batzuentzat, txikia ikusiko dute hasieran, baina KARKARAren gorputz lirain horrentzako egoki-egokia dela pentsatzen dugu.

Koloretsua ere bai. Urteetan zuri-beltzezko kamisetak erabili ditugu, halabeharrez, merkeenak zirelako. Ez dugu ukatuko zuribeltzak xarmarik ez duenik, KARKARAren estiloa bilakatu da kasik; batik bat, KARKARAk izan ezik, inguruko aldizkari guztiek orain dela 10 bat urte koloreetara jo zutenean. Azken urteetan, erdiko zatia eta azala koloretan eman ditugu. Zenbait atal, argazki galeria eta azala, koloretan erakutsi beharra zeuden. Sukaldeko errezetak Mahai Bueltan atalean argitara ematen hasi ginenean, lekua bilatu ezinik ibiltzen ginen erdiko zortzi orrietan kokatu nahian. Zerbait koloretan atera nahi bazen, erdiko orrialdeetara ekarri beharra zegoen. Horretaz gain, garaiak ere aldatu dira, modak agintzeaz aparte, txukundu bat ere merezi zuen KARKARAk, ez al zaizue iruditzen?

Jakizue, gainera, KARKARAren 0 zenbakia, 1987an argitaratu zena eta aldizkariaren ernamuina izan zena, formatu txikian plazaratu zela. Hura bezala, hau ez dugu idazteko makinaz idatziko, baina jatorrira bueltatzea bezala izango da, nolabait.

30 urte beteta, gazte izateari laga dio ofizialki KARKARAk, eta adinari dagokion moduan, alkandora berria jantzi diogu. Helduaro oparoa eta emankorra dauka aurretik!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!