PAPEREKOA

Nire fakultatea

Jakes Goikoetxea 2019ko abe. 4a, 15:30

KARKARAk 30 urte bete ditu. Ez da nolanahiko urteurrena. Ez dira asko izango 30 urtetan fin-fin hilero zenbakia argitaratu duten aldizkariak. Hori posible izan dadin, kazetari eta boluntario mordoak lan egin dute KARKARAn, eta horien bizipenak jaso nahi izan ditugu txoko honetan.

KARKARAren zenbaki zaharretan arakatzen ibilita ere, ez da anekdotarik berritu. Hala ere, ariketa interesgarria da gaurkotasunak iraungitako orrietan aurrera eta atzera ibiltzea, garai batean egindako lanak, protagonistak, gaiak... ikusteko. 1996ko otsailera joan behar izan dut nik idatzitako lehen testuak aurkitzeko: ‘Seven’ filmaren kritika eta Joseba Agirre futbolariari elkarrizketa. Handik aurrerako zenbakietan, paperera joan beharrik gabe gordeta geratu zaizkidan bi gertaera: bata, Ibon Arrizabalaga lagunari egindako elkarrizketa, biluzi eta guzti; bestea, 1936ko gerrari buruzko erreportajea egitera atera eta solaskide batzuren malkoak eta ahots dardartiak.

Kazetaritza ikasten ari nintzen EHUn, baina KARKARA izan zen nire fakultatea. Orduko beteranoak eta gazteak, irakasle. Uste dut aldizkariaren sortzaile, buru eta bihotz izan direnei eskertu behar zaiela urteotan guztiotan gazteekin lan egiteko eta gazteei irakasteko izan duten gogoa eta pazientzia. Ez dira ‘kazetaritza irakasle’ soilik izan.

KARKARAn ikasitako gauza askotatik, bat nabarmenduko nuke: ez dagoela kazetaritza txikirik. Kazetaritza kazetaritza da herri aldizkari batean eta egunkari nazional batean. Eta tokiko kazetaritzak sekulako abantaila du gainerakoekiko: bertatik bertara ditu informazio iturriak. Gertuegi ere bai sarritan. Goizeko ordu txikietan, tabernen kanpoan, azaltzen zitzaizkidan irakurle kritikoenak. Ez zen seinale txarra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!