Egunean 45.000 aldiz

Lander Muñagorri Garmendia - Berria 2019ko abe. 10a, 12:32
(@eguneanbehin)

Kuadrillako elkarrizketetan edo lanean gero eta maizago entzuten da 'Egunean Behin' aplikazioaren berri. Azken hiru hilabetean laukoiztu egin da erabiltzaile kopurua, eta Orion ere badago taldea, egun 117 lagunek osatzen dute. Taldeko kideek herritarrak parte hartzera animatu dituzte. 

Hamar galdera motz, eta horiei erantzuteko minutu eskas inguru. Non itsasoratzen da Oka ibaia? Zenbat urte ditu Onintza Enbeitak? Galdera bakoitzak hiru erantzun posible ditu aukeratzeko: Gipuzkoa, Lapurdi edo Bizkaia; 40, 38 ala 46. Egunean partida bakarra joka daiteke, eta lortutako emaitza lagunekin, ikaskideekin edo lankideekin konparatu. Ulertzeko erraza da Egunean Behin aplikazioa, eta Euskal Herrian izaten ari den hedapena, «harritzekoa», Josu Azpillaga Codesyntax enpresako ingeniariaren arabera. Uda aurretik, jokoak 10.000 erabiltzaile zituen, eta aste honetan dagoeneko 46.200 pertsonak jokatu dute partidaren bat. Bigarren denboraldia hasi zenetik 11 aste igaro dira, eta epe horretan laukoiztu egin da erabiltzaile kopurua. Horregatik daude harrituta aplikazioaren sortzaileak, baina era berean baita pozik ere badaude, mezu positibo asko jasotzen ari direlako: “Sumatzen ari gara halako zerbaiten gosea bazegoela”. Jokoak izan duen bilakaerak agerian utzi du baieztapen hori.

Egunean Behinek izan duen igoera horren atzean egon daitezkeen arrazoiak zerrendatu ditu Azpillagak: “Garrantzitsua izan da muga bat jartzea: egunean partida bakarra jokatu ahal izatea. Aurretik bageneukan galdera-erantzunen antzeko beste aplikazio bat, eta jendea aspertu egiten zen hainbat partida jokatu ondoren”. Egunean nahi adina partida jokatu beharrean, bakarraren aukera izanda, erabiltzaileek jokatzen jarraitzeko gogoari eusten diote, haren ustez.

Dioenez, ordea, arrakastaren gakoetako taldeetan dago. Eguneroko galderei erantzun ondoren, norberaren emaitza bere lagunek, familiartekoek edo lankideek egin dutenarekin aldera daiteke: “Jendeari berdin dio sailkapen nagusian 7.000. postuan geratzen bada, baina lagunak baino partida hobea egin duzula ikusteak motibatzen laguntzen du. Uste dut hor asmatu egin dugula”. Aplikazioak dituen talde kopuruei begiratuz ikus daiteke hala dela: oraintxe bertan 14.500 talde aktibo daude.

“Nik, adibidez, baditut lau talde, eta nire inguruko euskaldun askok ere jokatzen dute”. Ibai Agirrebarrena baionarrak sumatu du bere inguruan hazi egin dela aplikazioaren erabilera, duela hilabete pare bat ez baitziren asko jokoan aritzen zirenak. Orain, Whatsapp-eko elkarrizketak horri buruz dituzte lagunen artean. “Badugu lagun bat beti erantzun gehienak ongi eta azkar ematen dituena, eta gaizki egiten duenean denak trufatzen gara berata”. Horretarako balio baitute Egunean Behin-eko taldeek.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus atarian

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!