STEAM heziketaren inguruko proiektua sortu du Larraioz enpresak, gazteei zuzenduta

(Larraioz Elektronika)

"Robotikaren eta teknologiaren inguruko interesa sustatzeko" asmoz, 10-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektua sortu du Aiako Larraioz Elektronika enpresak. Ate irekien jardunaldia egingo dute bihar, 16:00etatik 19:00etara.

STEAM heziketak hainbat eremu barnebiltzen ditu; hain zuzen, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika. Bost hitzen ingelesezko haste letrak batuta sortu dute STEAM kontzeptua, eta Aiako Larraioz Elektronika enpresak heziketa mota hori lantzeari ekingo dio aurki. Hala, gazteen artean "robotikaren eta teknologiaren inguruko interesa sustatzea" helburu eta STEAM heziketa oinarri, proiektu berria jarri du martxan Larraiozek.

Orain arteko emaitza aurkezteko, ate irekien jardunaldia antolatu du enpresak biharko, ostirala. 10-16 gazteei zuzendutako saioa izango da, 16:00etatik 19:00etara, Larraiozen Francisco Aristegieta zentroan (Zarautz-Urdaneta bidean). Gazteen gurasoei edota tutoreei bertaratzera dei egin diete, haien "zalantzak argitzeko". Izan ere, "proiektuaren antolatzaileak eta irakaslea" izango dira bertan, azalpenak emateko. Bestalde, "proiektuaren parte izango diren teknologiak ikusteko" eta erabiltzeko aukera izango dute ate irekien jardunaldian parte hartuko duten gazteek.

Larraioz enpresako kideek azaldu dutenez, STEAM heziketaren inguruko proiektua garatu ahal izateko, "gune berri bat egokitu" dute. Robot industrialak eta Lego Mindstrom teknologiak landu ahalko dira bertan. Bestalde, antolatzaileek diote proiektua ez dela "eskolaz kanpoko jarduera" izango, "heziketa gunea" baizik. Besteak beste, "pentsamendu logikoekin" lotutako ariketak egingo dituzte parte hartzaileek, baita "sormena lantzeko eta irudimena erabiltzeko" jarduerak ere, "jolasen bitartez".

Biharko ate irekien jardunaldira bertaratzen direnek, izen-ematea egiteko aukera izango dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!