PAPEREKOA

Paperean irakurtzea errebeldia delako

Egoitz Dorronsoro 2019ko abe. 21a, 10:00

KARKARAren 412. zenbakirako iritzi artikulua idatzi du Egoitz Dorronsorok, 'Moila bazterretik' atalaren barruan. "Arnasa hartzera gonbidatzen gaituzten kazetak goraipatu nahi ditut".

Harremanak irudien bidez gauzatzean eta bizitza irudiek ordezkatzean, espektakuluaren gizarte bat sortzen dela zioen Guy Debord frantziarrak. Ingurura begiratu besterik ez dago, irudi bitarteko estimuluez beterik gaudela ohartzeko. Egun, mezuek baino garrantzi gehiago dute irudiek. Kapitalismoaren erroetan dagoen merkantilizazioak dakarren ondorioa, nire ustetan.

Gizarte geroz eta azkarrago batean bizi garela; ezin dugula arnasa hartzeko ere geratu. Bizitza etenik ez duen produkzio makina bat bihurtu dugu. Azkartasun honetan, informazioa fetitxizatu eta kontsumitzeko produktu bat gehiago bilakatu delarik.

Paperezko prentsa kinka larrian dabilen garai honetan, sare sozial eta internet bidez kontsumitzen ditugu berri gehienak. Azken hauen bidez, une oro jasotzen dugu aktualitatearen berri. Aipaturiko informazio gaindosi hori, azkartasun eta irudiaren garaiarekin batzen badugu, egungo desinformaziora heltzen gara: jaikitzerako presa daukagu gorputzean, gosaldu eta lanera goaz presaka, bidean astirik izanez gero mugikorra hartu eta aktualitatea begiekin xurgatzen dugu. Ikastetxeko eta lantegiko atsedenetan berriz hartuko dugu gogoz sakelekoa, gurea den asti labur horretan ahalik eta irudi gehien ikusteko. Horrela ibiliko gara egunean zehar, gure gorputzari entzun beharrean pantailako irudiei begira. Ezin dugu ahaztu, pantaila ikusten dugun aldiro ikusten dugun argazkiak “errealitatea” eraldatzen digula. Pixkanaka ustezko errealitatea argazki batetik bestera igarotzen dugun momentu horretara mugatzen da. Irudien gurpil zoroan ezin irten gaude, askotan irteteko nahirik gabe. Kanpainen argazkiak zoragarriak iruditzen zaizkigu, baina, helburua lortzeko harturiko neurriei ez diegu begiratzen. Pentsa, klima aldaketaren aldeko argazki batean Jaurlaritzako kideren bat ikustean, “ze ona!” diogu, benetan hartzen dituzten neurriei arretarik ipini gabe; aurpegian ez zaigu kezka izpirik irtengo, Zubietan erraustegi bat dugula ez delako irudian agertzen, ezta agertuko ere.

Hala, arnasa hartzera gonbidatzen gaituzten kazetak goraipatu nahi ditut. Papera eskuetan irakurtzea, denbora hartzeaz gain errebeldia ekintza txiki bat delako. KARKARA goratu nahi dut, etxe guztietara iristen den aldizkari fisikoa, gure herrietan erreferentzia bat delako. Herritar gehienek irakurtzen dutelako atal bat edo beste. Gutxiago edo gehiago denok hartzen dugulako bertan idatzitakoa irakurtzeko denbora. Herrian komentatua delako. Gurpil zoroaren balaztari emateko gogoa pizten duen aldizkaria delako. Gertukoa zaigulako… Papera digitalizazioarekin ordezkatu duten garai honetan ez delako makala 412 zenbaki kaleratzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!