PAPEREKOA

Haurren eskubideak eta ongizatea erdigunean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko abe. 22a, 14:00

Urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu Xuak, eta egun horretatik aurrera ezingo du espetxean amarekin bizitzen jarraitu. Hori salatzeko jaio zen Xua Gurasoekin Etxera plataformak Orioko Udalbatzaren eta Arartekoaren babesa lortu du, eta abenduaren 28an Donostian egingo den kalejiran izango da, haurren eskubideak aldarrikatzen.

Ekainean aurkeztu zuten Xua Gurasoekin Etxera plataforma, Xua eta haren guraso presoak (Patxi Uranga oriotarra eta Olatz Lasagabaster usurbildarra) banatu ez ditzaten eskatzeko. Izan ere, urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu haurrak, eta legearen arabera, ezingo du amarekin Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak) bizitzen jarraitu. "Bidegabekeria horrek ezin duela gertatu erabaki genuen hainbat herritarrek, eta plataforma sortu genuen", adierazi du Ekiñe Saizarrek: "Patxik zein Olatzek, biek bete dituzte ezarri zitzaizkien kartzela zigorren hiru laurdenak, eta beraz, lege arrunta aplikatuz gero kalean behar lukete. Zer esanik ez, Xuari kartzelan eurekin bizitzea galaraziko diotela jakinda".

2020ko urtarrilaren 19a gerturatzen ari zela ikusita martxan jarri ziren herritarrak, eta "banaketa traumatiko eta gogor hori ekiditea" jarri zuen helburu plataformak; Xua gurasoekin etxeratzea, alegia. “Ume batentzat bere gurasoengandik banatzea oso gogorra da beti, baina aldaketa are eta handiagoa izango da Xuarentzat, amarekin eguneko 24 orduak pasatzetik, berarentzat guztiz arrotza den inguru batera etorriko baita. Usurbilen biziko da aitona-amonekin, gurasoengandik ehundaka kilometrotara”. Horrek nola eragingo dio emozionalki eta psikologikoki Xuari? Nerea Mendizabal psikopedagogoa: “Erreferentziazko pertsonen galerak desegituraketa bat ekar dezake. Galeraz gain, Xuari egoera guztiz berrira egokitzea dakarkio. Horrelako egoera bat helduoi ulertzea edo onartzea kosta egiten bazaigu, haurrak ezin du ulertu gurasoaren absentziaren arrazoia, eta pasa beharreko doluak zuzenean eragiten dio”.

Mendizabalek Atxikimenduaren Teoriak dioena ere gogorarazi du: “Haurren osasun emozionala bultzatzeko badakigu funtsezkoa dela, adin txikitan, gurasoekiko loturaren kalitatea eta garapena zaintzea. Haur txikiek erreferentzia egonkorreko figura bat behar dute, lotura segurua osatuz joateko, haurren osasun integrala bermatu ahal izateko”.

Orain gertatzen denak, etorkizunean eragingo diola esaten du teoria horrek. Eta, horregatik, Mendizabalek azaldu du garrantzitsua dela Xuak biziko duenaren bezalako banaketak ez gertatzea: “Haurrak etapa honetan jasotzen dituen zainketek bizitzarako eskainiko dion oinarri sendoa bermatzeko baldintzak ekarriko dizkio. Hori dela eta, adin horretan separazioko antsietatea sortzen duen edozein egoera saihestea garrantzitsua litzateke”.

Hilabete hauetan plataformako kideek hainbat egitasmo antolatu dituzte gaia gizarteratzeko, eta herriak “bikaina” erantzun duela uste dute. “Haurren eskubideez ari garenean, denok ulerkorragoak eta sentiberagoak bihurtzen gara, haurren ongizateak lehentasuna izaten baitu, beste ezeren aurretik”. Horregatik, antolatu dituzten egitasmo guztietan jendetza bildu dela azpimarratu dute.

“Batzuetan, nahi gabe, herritarrak etiketatzeko ohitura izaten dugu, eta espero ez genuen jende asko hurbildu zaigu ekimenari babesa ematera eta plataformako materiala erostera”. Sinadura bilketa ere egin zuten, eta hiru mila lagun inguruk babestu dute ekimena, “haur baten eskubideez hitz egiten ari garenean, oso zaila da arazoari bizkarra ematea”.

Arartekoaren babesa

Egoerari irtenbidea emateko hainbat bide jorratu ditu plataformak. Orion eta Usurbilen gaia gizarteratzea izan zen eman zuten lehen urratsa, baina ate guztiak jotzea ezinbestekoa zela argi izan zuten hasieratik. Hala, Arartekoarengana jo zuten. “Hitzordua eskatu genion eta bileraren aurretik plataformaren berri eman”. Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideentzat “oso positiboa” izan zen bilera. “Ezustekoa hartu genuen. Guk pentsatzen genuen Xuak bizi duen egoera kontatuko geniola, eta hor geratuko zela gaia. Ez zen horrela izan ordea, uneoro oso jarrera ulerkorra izan zuen, eta Arartekoak ere ikusten zuen, Xuaren gurasoek lege arrunta aplikatuta ez luketela espetxean egon beharko, eta egoera horretan, haurra gurasoengandik banatzea umearen eskubide urraketa izango litzatekeela”.

Xuaren amona ere izan zen Arartekoarekin egindako bileran, eta etxeko egoeraz denbora luzez hitz egin zutela aipatu du Saizarrek. Bilera “emankorra eta itxaropentsua” izan zela aitortu dute herri ekimeneko kideek, baina, hankak lurrean dituzte, jakin badakitelako, bide luzea geratzen zaiela aurretik. “Arazoari irtenbidea emateko dagozkion deiak egingo dituela azaldu zigun Arartekoak, eta Madrilen gaia aurkeztuko duela ere esan zigun. Garbi utzi zigun, hala ere, berari ere ezezkoak ematen dizkiotela”.

Orain gutxi, abenduaren 16an, gaia Gipuzkoako Batzar Nagusietara iritsi zen. Hain zuzen, Xua gurasoekin etxeratzeko aldarrikapenarekin bat egin zuten Batzar Nagusietako Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Batzordean alderdi guztiek, PPk izan ezik. Urtarrilean egingo dute hurrengo osoko bilkura Batzar Nagusietan, eta orduan aldarrikapen horren aldeko adierazpena bozkatuko dute.

Alderdi politiko guztiak bat

Arartekora jotzeaz gain, Xua Gurasoekin Etxera plataformak mozioa aurkeztu zuen Orioko eta Usurbilgo udaletan. “Guretzat oso garrantzitsua zen alderdietako udal ordezkariek mozioa aho batez onartzea, eta hasieratik hori izan zen gure helburua”. Horretarako, mozio proposamena bidali zieten alderdi guztiei, eta eurekin elkartu ziren dokumentua aurkezteko. “Hala ere, ez ginen jarrera itxiarekin joan. Hasieran gure mozioa aurkeztea pentsatzen bagenuen ere, Orioko udalbatzarraren egunean, alderdi guztien adostasuna zuen beste mozio proposamena iritsi zitzaigun esku artera”. Orduan, “inongo konplexurik gabe”, plataformak bere mozioa erretiratu zuen, eta bigarrenak egin zuen aurrera. “Egia da gure mozioan zenbait gai zehatzago azaltzen zirela, baina bestea aho batez onartzea guretzat oso garrantzitsua zen, are gehiago, jakinda sentsibilitate desberdinetako alderdiak biltzen dituela Udalbatzak. Denak besoa altxata ikustea garaipena izan zen guretzat, horrek erakusten baitu politikaz harago doan gaia dela Xuarena”.

Azken asteetan, urrats garrantzitsuak eman ditu herri ekimenak, eta lanean jarraitzeko gogotsu daude. Sarek mobilizazioak deitu ditu abenduaren 28rako, eta Gipuzkoan motxiladun haurren gaia hartuko dute ardatz. “Kalejira handi bat egingo dugu Porrotxekin Donostian. Gauzak aldatzen ez badira, laster Xua ere motxiladun haurren zerrendara sartuko da, eta aipamen berezia egingo diote mobilizazioan”. Gainera, Orioko haurrek Dispertsioff ekimenean margotu zuten mural handi bat eramango dute manifestaziora. “Argi utzi nahi dugu Xuarena ez dela kasu isolatua, nahi genukeena baino motxiladun haur gehiago baitaude Euskal Herrian. Oso egoera gogorra bizi dute, gurasoengandik banatuta bizi dira, etaehunka kilometro egin behar dituzte aitarekin edota amarekin minutu gutxi batzuk egoteko”.

Haur gehiago egoera berean

Uranga eta Lasagabasterrek, noski, ezagutzen dute Xua Gurasoekin Etxera plataforma, eta “esker hitzak dituzte” antolatzaileentzat. “Espetxe barruan egonda ezer gutxi egin dezakete, baina gu, beren familia eta lagunak, arazoari irtenbidea emateko lanean ari garela ikusten dute, eta oso eskertuta daude”. Gauzak ez badira aldatzen, biziko duten banaketa “oso gogorra” izango dela jakin badakite bi presoek, eta “urduri eta kezkatuta” daudela azaldu du Saizarrek. “Badakite garai zailak datozela, eta indarra ematen die plataforma kalean lanean ikusteak”.

Bestalde, Xuaren gurasoentzat garrantzitsua da plataformak egiten dituen urratsak “baliagarriak” izatea egoera berean dauden beste haurrentzat. “Xuak egoera berean dauden laguntxoak ditu. Bera da zaharrena, baina gainontzekoak ere, hiru urte betetzen dituztenean, gauzak aldatzen ez badira behintzat, beren amengandik bananduko dituzte”. Horregatik, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenetik egiten ari diren lanak gainontzekoen banaketa ekiditeko balio izatea ere nahi dute Urangak eta Lasagabasterrek, Saizarrek azaldu duenez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!