PAPEREKOA

Atzean utzitakoak

Dorleta Agiriano Lai 2019ko abe. 28a, 13:00

Dorleta Agirianok iritzi artikulu hau partekatu du KARKARAren 412. aldizkariko "Nire honetan" atalean.

Ate-joka dugu 2020. urtea, aurrerapauso bat eman, eta datozen hamabi hilei bide egiteko irrikitan. Zenbaezinak dira Urtezaharra agurtzeko eta berriari ongietorria egiteko moduak, urteak utzitako oroitzapen gozo zein gaziak bezainbeste. Esaterako, atzean uzten ari garenetik ihes egin genezake, beldurti, itolarriz, urteari ezikusiarena egiteko gogoz.

Edo, parez pare aurkitu ditugun ispilu eta atzerako ispiluetan islatutakoari heldu geniezaioke. Egunez egun ispilatu zaigunari eta islatu dugunari begietara begiratu. Gure islada, ispiluak erakusten diguna, behatu. Goitik behera. Atsegin dugu ikusten duguna? Zer diote gure begiek? Zer trabatu zaio, eztarrian, aurrean dugun irudiari?

Puskatu genitzake mirailak, ezer ispilatu ez dezaten; edo kontrara, zizelkatu genezake gure burua, ikusi nahiko genukeena islatzen has dadin. Sarri, atzean utzi nahi dugun hori ez baita ispiluak edota urteak, erremediorik gabe, ekarri duena. Guk geuk egunerokoan hazten eta biziarazten utzi duguna baizik.

Ihes egiteko baino, atzerako ispilua esku urdurietan hartu eta aurrera begira jartzeko ordua da urte amaiera, aurrerako bidea irudikatu dezan, eta urratu nahi ditugun bideek bertan tokia izan dezaten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!