Aurrera doaz Gabon jaietako jarduerak Aian zein Orion

Karkara 2019ko abe. 26a, 13:30

Gaur herriko gazteenei zuzendutako olinpiadak eta txokolatada egingo dituzte Aian. Orion, aldiz, Erregeen kabalkadarako izen-ematea izango da. Datozen egunetan ere beste hamaika ekimen izango dira.

Aurrera doaz Gabon jaiak, eta horrekin batera, Gabonen harira antolatutako ospakizun zein jarduerak. Hala, datozen egunetan ere ekimen ugari izango dira Aian eta Orion. Gaur, abenduak 26, herriko gazteenei zuzendutako olinpiadak eta txokolatada egingo dituzte Aian, 16:00etan hasita. Gaztelekuan elkartuko dira parte hartzaileak. Orion, aldiz, Errege Magoen kabalkadarako izen-ematea izango da 19:30ean, Ikastolako pergolan.

Bihar, abenduak 27, urteroko bertso-triki afaria izango da Aiako dema plazan. Andoni Egaña eta Agin Laburu ariko dira aurten bertsotan, eta Izer eta Alabier trikitilariak arduratuko dira gero gaua girotzeaz. Afal aurretik, 19:30ean hasita, triki-poteoa egingo dute herriko kaleetan barrena.

Etzirako, abenduak 28, futbol txapelketa eta txokolatada prestatu dituzte Aian, 16:00etatik aurrera. Gauean, baina, musikak eta dantzaldiek hartuko dute Orio: Etxeluze gaztetxean Bertsio Gaua egingo dute 19:00etan hasita, eta Karela kiroldegian, Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du, 22:00etan.

Abenduaren 29an zinema izango da Aian, 16:00etan zein 19:00etan. 30ean haurrak izango dira protagonista; puzgarriak jarriko dituzte Aian, eta Orion, Gabonetako haur parkea kokatuko dute Karela kiroldegian. Egun berean, Erregeen kabalkadarako entsegua egingo dute Ikastolako pergolan, 19:00etan.

Urtea amaitzeko zein hasteko ere jarduerak antolatu dituzte. Ikusi guztiak KARKARAren Agenda atalean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!