PAPEREKOA

Munduan zehar bidaia, Gabonetako ospakizunetan barrena

Karkara 2019ko abe. 26a, 11:00

Gabonak ate joka dira, eta horrekin batera apaingarriz, argiz eta opariz bete dira Aiako eta Orioko etxeak eta
kaleak. Bereziak izaten dira herritarrentzat, familian eta lagun artean igarotzeko egunak baitira. Hori
dela-eta, normala izaten da atzerrian bizi diren herritarrak Gabon garaian sorterrian ikustea.

Dena dela, esanahi bat baino gehiago dituzte Gabonek, kristautasuna eta mito paganoak uztartzen baitira egun horien bueltan. Alde batetik, Jesusen jaiotza ospatzen dute kristauek, baina azken urteetan, indarra hartu dute Olentzerok eta Mari Domingik ere. Azken horiek euskal mitologiako pertsonaiak dira, antzinako euskaldunek neguko solstizioaren etorrera ospatzeko sortuak.
Abenduaren 20an iritsiko dira aurten Aiara, eta abenduaren 24an, Gabon egunean, helduko dira Olentzero eta Mari Domingi, Basajaun eta Mari, Oriora.

Euskal Herrian bezala, munduko txoko askotan ospatzen dituzte Gabonak, baita kristauak ez diren herrialdeetan ere. Orioko bi ikastetxeek antolatzen duten Gabon eguneko eskean ere jatorri eta kultura anitzetako haurrek eta gaztetxoek parte hartzen dute. Horietako bakoitzak Gabonak ulertzeko eta bizitzeko modu desberdina badu ere, Gabon eguna herritarrak elkarrekin kalera ateratzeko eta kantuan une atsegina partekatzeko aitzakia aproposa izaten da.


Euskal Herriko usadioak herritarren artean ezagunak diren arren, gutxi dakigu beste jatorri batzuetako aiarren eta oriotarren Gabonetako ospakizunez. Izan ere, herrialde bakoitzean beren ohiturak eta pertsonaiak dituzte, tokian tokiko kulturak zeharo baldintzatzen baitu Gabon egun horiek ospatzeko modua. KARKARA Aiako eta Orioko hainbat bizilagunekin bildu da, Gabonak nola ospatzen dituzten ezagutzeko.

Chen familia

Chen familia duela lau urte iritsi zen Oriora, baina ia bi hamarkada daramatza Euskal Herrian. Jatorriz Txinako Zhejiang probintziako Wenzhou hirikoak badira ere, Iruñean bizi izan dira urte askoan; han dute familia, eta Nafarroako hiriburuan ospatzen dituzte normalean jai egun garrantzitsuak. Kristauak dira erlijioz, eta Gabonak ez dira arrotzak eurentzat. “Gaur egun, globalizazioaren eraginez, mundu guztira zabaldu dira Gabonak, eta Txinan gazteak ere hasi dira ospatzen. Opariak egiten dituzte, eta Bizarzuriren txapela jantzita ere ikus daitezke asko. Hala ere, ni txikia nintzenean kristauok bakarrik ospatzen genituen Gabonak. Hiriko elizan biltzen ginen, eta bertan kantatu eta dantzatu egiten genuen, jai giroan. Eliza apaintzen genuen, baina kaleetan eta etxeetan ez zen Gabonetako apaingarririk egoten”, azaldu du Ye Chen-ek, familiako amak.

Euskal Herrira etorri zirenean, beren ohiturekin jarraitu zuten, eta Gabonzahar eguna familiarekin eta lagunekin ospatuko dute aurten ere. “Portugalen bizi den lagun bat eta haren familia etorriko dira gurera, Gabonak ospatzera. Afari berezia egingo dugu. Askok pentsatzen dute plater txinatarrak bakarrik jaten ditugula, baina ez da horrela, urte asko daramatzagu hemen bizitzen eta Txinako eta bertako gastronomia uztartzen ditugu: itsaskiak, txerri txikia edo arkumea labean erreta, fideo txinatar salteatuak, ahate-hanka... jaten ditugu”, azaldu du.

Gabonak bezala, Urtezaharra ere garrantzitsua izan ohi da txinatarrentzat. Egutegi txinatarra ez dator bat Mendebaldean jarraitzen denarekin, eta aurten urtarrilaren 25ean sartuko dira urte berrian: arratoiaren urtea izango da datorrena. “Guk Txinako Urtezaharra ospatzen dugu. Egun berezia izan ohi da, eta gure herrialdean festa handiak antolatzen dituzte gau horretarako”. Munduko txoko gehienetan bezala, bapo jan eta edaten dute txinatarrek ere gau horretan. “Su artifizialak botatzeko ohitura handia dugu. Kolore eta forma desberdinetakoak izaten dira, benetan ikusgarriak”. Asko gustatzen zaizkie, baina egun, segurtasun kontuengatik, debekatuta daudela azaldu du. “Txinako hirietan su artifizialak botatzea galarazi egin diete herritarrei, hiri guztia kez betetzen delako eta arriskutsua delako. Herrietan, berriz, egun horretan bakarrik bota daitezke, beraz, su festa ikusgarriak ikusten dira Urtezahar gauean”.

Uztaetaburu baserriko Arantxa Eizmendi eta Eneko Balerdi

Uztaetaburu baserria ezaguna da aiarren artean, Gabon Eguneko eskean ezinbesteko parada baita aspalditik. Ezagunak dira, era berean, Arantxa Eizmendik mokadutxoa egiteko eskaintzen dituen kroketak eta patata tortilla ere. Hala, Eizmendiren seme Eneko Balerdik aitortu du ez duela ezagutzen “Uztaetaburun baino azkarrago abesten den Gabonetako kanturik.

Gaztetxoak etxera sartzeko irrikitan izaten dira, janari goxoarekin indarrak berreskutatzeko”. Hainbeste lagunentzat hamaiketakoa prestatzea lana bada ere, “oso gustura” egiten du Eizmendik. “Pozgarria da egun horretan herritarren bisita izatea. Urte batean oso lanpetuta nengoen, baserriko lanez gain ama ere gaixo nuelako, eta betiko kroketak eta patata tortillak prestatu beharrean, dendan litxarkeria batzuk erosi nituen, gazteei gustatuko zitzaizkiela pentsatuz. Hura aurpegia jarri zutena, baserrira sartu eta mahai luzea ikusi zutenean”. Ordutik, ez du gehiago hutsik egin, eta dena prest izaten du gaztetxo taldea iristerako. “150 kroketa inguru prestatzen ditut egun horretarako. Lana bada ere, gaztetxoen irribarrea eta ilusioa dira egindako ahaleginaren ordaina”.

Gainera, Balerdik azaldu du gazteek jaten ez dituzten kroketak familiak jaten dituela, “batzuk, Gabonetako ohiko otorduetan, eta beste batzuk izeba-osabek edo lehengusuek eramaten dituzte etxera; ohitura baita, baserrira bisitan etorritakoan, bertako produktuz osatutako poltsarekin etxera itzultzea”.

Gabon egunaz gain, Urtezahar gaua ere berezia izan ohi da Uztaetaburun. Baserri askotan bezala, aiton-amonak ez daudenetik, lehen baino gutxiago biltzen dira, baina Uztaetaburun oraindik badituzte bizirik dirauten hainbat ohitura. “Txikia nintzeneko Gabonen oso oroitzapen politak ditut. Izeba-osabak eta lehengusuak etortzen ziren baserrira, eta gauean helduak etxera joaten baziren ere, haurrak hemen geratzen ziren gaua pasatzen”, adierazi du Balerdik. Gaur egun, lehengusu horietako asko gurasoak dira, euren familiak dituzte, eta baserrian “nahi baino gutxiago” biltzen badira ere, Urtezaharreko usadioari bizi-bizirik eusten diote. “25-30 lagun inguru biltzen gara, eta gau berezia izaten da. Bapo jaten dugu, eta familiako hiru belaunladitako trikitilariak biltzen garenez, eskusoinu txikiaren doinuan afaloste ederra pasatzen dugu”.

Coon familia

Coon familia aski ezaguna da Orion: alegia, Emily eta Jason senar-emazteak, eta Braden, Brittney, Taye eta Cooper seme-alabak. Estatu Batuetatik etorri ziren gurera. Han, haur eta gaztetxoentzako udalekuetan egiten zuten lan. Euskal ikasleak izaten zituzten maiz, eta horrela ezagutu zuten Euskal Herria eta gure hizkuntza.

Etorri orduko ekin zioten euskara ikasteari eta baita herritarrak ezagutzeari ere; berehala bihurtu ziren oriotar. Urteak daramatzate gure artean, eta jaioterritik dakartzaten ohiturei eusten badiote ere, euskal kulturak eragina izan du beraiengan.

Coon familiak azken urteetan herrian igaro dituzte Gabonak, Emilyren gurasoekin batera. Familiarentzat Gabon gaua eta Eguberri eguna dira berezienak. “Abenduaren 24an, film amerikarretan ikusten den bezala, ohitura da galtzerdiak tximinia gainean jartzea. Orion ez dugu tximiniarik, eta beraz, armairu batean jartzen ditugu”, azaldu du Jason Coon-ek. Galtzerdietan opari txikiak jartzen dituzte; “liburuak, galtzerdiak, kamiseta bat...”. Hurrengo egunean, Olentzero edo beraien Bizar Zuriren opariak irekitzeari ekiten diote. Eta, nola ez, Estatu Batuetako ohiturari jarraituz, gofre-ak jaten dituzte. Hemen igarotako lehenengo jaiez gogoratzen da Coon. “Gabon gauean plazan egiten den antzerkia oso polita iruditu zitzaigun aurreneko aldiz ikustean. Orain ere asko gustatzen zaigu”. Izan ere, Estatu Batuetan 24a eta 25a etxean pasatzen ditu jendeak, familiako planak egiten.

Hemen, ordea, “zerbait hartzen da aurretik lagunekin, eta ondoren familiaren txanda izaten da. Oso polita iruditzen zait ohitura hori”. Kontsumismoaren oso aldekoa ez bada ere, onartu du faltan botatzen dituela bere jaioterriko Gabonetako argiak: “Estatu Batuetan dena liluragarria da. Auzoetan ere asko apaintzen dira etxeak. Hori da hemen faltan botatzen dudana”. Argi gehiago jarriko lituzke Coonek.

Familiaren ohitura askorik aldatu ez bada ere, orain Errege eguna ere ospatzen dute. “Errege magoen desfilea ere ikaragarri gustatzen zaigu, eta hemen egun hori ospatzen duzuela ikusita, geu ere egunari garrantzia ematen hasi ginen, seme-alabengatik batez ere, opariak izan ditzaten”.

Hemengo lagunek ere hartu dituzte Coon familiaren ohiturak. Hala, Thanksgiving Day (eskerrak emateko eguna) ospatu dute aurten ere Balea elkartean. Lagunekin batera Gabonei hasiera eman zioten ospakizun horrekin. “Guretzat oso berezia da guk ekarri dugun ohitura bat lagunekin partekatu ahal izatea”.

Onetsine Arrizabalaga

Onetsine Arrizabalagak zortzi urte daramatza herritik kanpo. Alemania du bizileku. Urtero Gabonak igarotzera etortzen da sorterrira eta, oraingo honetan, tarte bat eskaini dio KARKARAri abenduko eta urtarrileko ospakizunez hitz egiteko.

Herritik kanpo bizi bada ere, Orioko tradizioari eusten dio: “Gabonak biltzeko garaia da niretzat, familian egoteko”. Urteko garai hau deskribatzerakoan argi du zein hitzek laburtzen duen dena: “magia” da. Arrizabalagaren hitzetan, “maite dituzunekin elkartu, pasa den urtea eskertu eta urte berria hasteko momentua” izaten da.

Aitortu du ez dela lagunak gehien ikusten dituen garaia, “oso familiarrak” baitira Gabonak. Hala ere, izaten du tartea haiek ikusteko Gabon gau bezperako ekitaldian. Xarma berezia du Olentzero eta Mari Domingiren etorrerak Arrizabalagarentzat: “Abenduaren 24ko iluntzea gustatzen zait gehien, oso magikoa da. Inguruko herrietatik ere lagunak etortzen dira Basajaun, Mari... eta pertsonaia guztiak ikustera”. Kanpoan bizi denetik, urteko garai honek zentzu berezia hartu du: “Orain desberdin bizitzen ditut, Gabonetara etortzea etxera etortzea da. Etxean egon nahi dut, etxeaz gozatu”.

Alemaniako ohiturez hitz egiteko tartea ere hartu du. Han Gabonei abendualdian ematen diete hasiera, hilabetearen lehen igandean. “Gabonak baino lau aste lehenago apaintzen da dena, eta kandela bat pizten da. Bigarren astean bigarren kandela jartzen da, gero hirugarrena, eta azken igandean, laugarrena”. Abendualdian, horrez gain, gurasoek egunero zerbait prestatzen diete haurrei; “txokolatea egun batean, eskulanak egiteko materiala beste batean... gauza desberdinak jartzen dituzte egunero”. Ohitura polita iruditzen zaiola azaldu du, eta hona ere ari dela ohitura zabaltzen, baina “oso komertzialki”.

Kantatzea ere gustuko dute Arrizabalagaren bizilekuan. “Hango kantu batzuek hemengo doinu bera dute, eta hasieran asko harritu ninduen horrek”. Gozozaleak ere badira, “tipikoa da pastak egitea, Plätzchen-ak, eta ingurukoei banatzea”. Desberdintasun handiena, opariak jasotzeko egunetan dagoela azaldu du. “Alemanian Nikolas etortzen da goxokiekin eta opariekin, San Nikolas egunean. Gabon gaua ere ospatzen dute, baina garrantzitsuagoak dira hilaren 25a eta 26a beraientzat, familian pasatzen dituzte”.

Urtezaharra, berriz, “bakoitzak bere aldetik” ospatzen duela azaldu du. Gabonetako merkatuak ere izan ditu hizpide oriotarrak. “Oso politak izaten dira, batzuk Erdi Arokoak dira eta ohitura da ardo goxo beroa edatea”. Gabonak familian pasatzekoak izanik, merkatuak aprobetxatzen dituzte lagunartean egoteko.

Fran Bermudez

Hamabost urte daramatza Orion Fran Bermudez nikaraguarrak. Bi etxe izan ditu: Somoto jaioterria eta Orio. Gabonetan, bietako ohiturek argitzen dute haren etxebizitza. Lokarria, senide artean egindako ospakizuna da. Lau seme-alaba ditu Bermudezek, eta Orion sortua da haietako bat: "Alabak ez ditu Nikaragua eta bertako tradizioak lehen eskutik ezagutu; beraz, saiatzen naiz hango ohiturak ere hemengo etxera ekartzen. Usadioak helarazi nahi dizkiot, haien berri izan dezan. Nire parte dira azken finean".

Gogoan ditu sorterriko hainbat ohitura, eta ez ditu baztertu eta ahaztu nahi. Esaterako, musikaren garrantzia nabarmendu du: "Nikaraguan, abenduaren 24a iristean, musika entzun daiteke etxe guztietan, eguerditik". Festaren atarian, musikak girotzen ditu nikaraguarren etxeak eta bihotzak, elkarrekin afaria prestatzen duten bitartean. "Banakako etxeak dira han, bereiziak, eta ohikoa da familiak atarian biltzea, elkarren ondoan eserita edateko". Kantu artean iristen da afaltzeko ordua, eta ondorengo jaia "ikaragarria" izaten da: "Nork bere etxean, gorputzak eusten duenera arte egiten dugu festa. Petardoak
ere botatzen ditugu gauean".

Hurrengo egunean, afariko soberakin guztiak bildu eta errio ondora joan ohi dira familia asko, bertan jateko eta edateko: "Kontuan izan behar dugu, Nikaraguan 25 gradu inguruko tenperatura izaten dela Gabonetan. Ezohikoa da, hortaz, 25ean etxean geratzea".

Urtarrilaren 1ean ere errio bazterrean agurtzen dute urte berria; horren aurretik, baina, urte zaharrari esaten diote agur abenduaren 31n. Horretarako, amaitzear den urtean "atseginak" izan ez diren elementuak bildu, eta panpin bat egiten dute, paperez eta petardoz betea: "Pasa berri den urte horretako oroitzapen txarrak eta ezabatu nahiko genukeen ororen sinboloak erabilita, panpina sortu, egunean zehar kalean jarri eta gauerdian erre egiten dugu". Ohitura hori ez du Oriora ekarri Bermudezek. Bai, ordea, askotariko jaki tradizionalak: adibidez, oilasko betea, arroza valentziar erara, edo nacatamal jakia. Arto irinarekin egindako orea da, barazkiak edota haragia gehituta. “Banana hosto batean biltzen eta egosten dugu nahasketa, azaldu du.

Bermudezen eskutik, beraz, Nikaraguako eta Euskal Herriko usadioek bizitza hartzen dute Gabonetan, elkarlotuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!