Ostiralean aurkeztuko dute txakolin berria

Karkara 2020ko urt. 14a, 12:09

San Anton egunarekin batera, Getariako Txakolina jatorri izeneko upategiek 2019ko uzta ekarriko dute Getarian egingo den ekitaldira; bertan parte hartuko dute Orioko eta Aiako upategiek ere.

Getariako Txakolina jatorri izenak ostiralean aurkeztuko du 2019ko uztako txakolina, San Anton egunez. Getariako frontoian izango da aurkezpen ekitaldia, eta aurtengo uztaren kalitatea oso ona dela jakinarazi dio Getariako Txakolina elkarteak HITZAri. Bildutako uztarekin (3,4 miloi kilo), 3,1 miloi botila merkaturatzea espero dute.

Bestalde, gehitu dute, klima arrazoiak direla eta, aurten bildutako uzta kantitatea iazkoaren berdintsua izan dela, baina normalean baino baxuagoa.

Aurtengo omenduak Ander Gonzalez sukaldaria eta Gabriela Uriarte dietista-nutrizionista izango dira, A Bocados ETB2ko programako aurkezleak, bertako produktuekin eginiko gastronomia bultzatzeagatik. Emilio Ostolaza jatorri izenaren elkarteko presidenteak emango die Mahasti Jaun eta Andre saria bikoteari ostiral goizean.

Getariako Txakolinaren jatorri deituran 33 upategi badaude ere, aurkezpen egunean 21 izango dira parte hartuko dutenak. Horrez gain, uzta berriaren dastaketarekin batera, bertako produktuak dastatzeko aukera egongo da.

Egitaraua ikusgai dago Urola Kostako Hitzan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!