Irudietan: Aiako eta Orioko upategiek ere aurkeztu dute txakolin berria San Anton egunean

Izaro Altzibar eta Amaia Urbieta Arruti 2020ko urt. 17a, 16:08

Eguraldiak gehiegi laguntzen ez badu ere, festan murgilduta daude Getarian. San Anton eguna da gaur, eta aurtengo txakolina aurkeztu dute jatorri deiturako zigilua duten hainbat upategik. Horien artean daude Aiako hiru txakolindegi eta Orioko bat.

Urteroko ohiturei jarraituz, ekitaldi nagusiarekin eman diote hasiera gaurko festari Getarian. Jatorri Deiturarekin merkaturatuko da aurtengo Getariako Txakolina, 30. urtez. Bittor Oroz jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak eta Emilio Ostolaza Getariako Txakolina elkarteko lehendakariak hartu dute parte ekitaldian, baita Salbatore abesbatzak, Gazte Alaiak txistulari taldeak, 3 Taula txalaparta taldeak, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek eta Gure Txeru dantza taldeak ere. Kepa Iribar kazetariak gidatu du ekitaldia, eta aurtengo Mahasti Jaun izendatu dituztenak Ander Gonzalez sukaldaria eta Gabriela Uriarte dietista-nutrizionista izan dira, ETB 2ko A bocados saioaren bidez bertako jakiekin prestatutako gastronomia “modu dibertigarrian” sustatzearren. Uriartek ezin izan du ekitaldira bertaratu, eta Gonzalezek jaso ditu bi oroigarriak. Donostiarrak azaldu du txakolinaren sustapenean “lan handia” egin dutela getariarrek eta, bera sukaldaria izanik, “lehen pertsonan” ezagutu duela bilakaera hori.

2019ko uztaren ekoizpena 2018koaren antzekoa izan da kopurutan. 3.400.000 kilo mahats bildu dira eta 3.100.000 botila inguru aterako dira merkatura. Klimatologiari dagokionez urte “arraro samarra” izan dela aditzera eman dute, eta horrek eragin duela 2019ko uzta ohikoa baino txikiagoa izatea. 32 dira 2019ko uzta osatu duten upategiak: Aian hiru (Arbela, Zudugarai, K5 Argiñano), Alkizan bat (Inazio Urruzola), Astigarran bat (Blai), Arrasaten bat (Kataide), Beizaman bat (Urki Zahar), Deban bat (Flysch), Getarian hamabi (Agerre, Aizpurua, Akarregi-Txiki, Aldako, Ameztoi, Elkano, Gaintza, Gañeta, Txomin Etxaniz, Ulacia, Urki,  Hondarribian bat (Hiruzta) , Mutrikun bat (Sagarmiña), Olaberrian bat (Bengoetxe, , Oñatin bat (Upaingoa), Orion bat (Katxiña), Billabonan bat (Hika) eta Zarautzen zazpi (Arregi, Basa Lore, Roke Eizaguirre, Talai-Berri, Izar Leku, Mokoroa, Rezabal).

Ordezkarien arteko toparekin amaitu dute ekitaldia eta, horrekin batera hasi da festa. Egunak emandako irudi gehiago ikusgai Urola Kostako HITZAren atarian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!