PAPEREKOA

Bizitza duina lortzeko borrokan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ots. 3a, 11:30

Milaka lagunek lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatu zituzten ostegunean, urtarrilak 30, Euskal Herrian. Dena dela, mobilizazio jendetsua ez zen bat-batekoa izan, azken urteetan gizarte zibila osatzen duten mugimenduak bakoitza bere aldetik mobilizatu baita. Ostegunean, ordea, indarrak batu zituzten herritarrek bizitza duina izateko duten eskubidea erdigunean jartzeko.

Euskal Herriko milaka lagunek greba egin zuten ostegunean, urtarrilak 30, eta kalera atera ziren lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzera. Hasiera batean, Euskal Herriko Karta Sozialak deitu zuen mobilizatzera, eta ondoren bat egin zuten sindikatuek eta gizarte arloko eragileek. Hala, herriz herri antolatu zen gizarte zibila, eta Orion ere sortu zuten Greba Orokorraren Orioko Batzordea. Batzorde horretako bozeramaile Esther Arrutiren esanetan, ohartuta zeuden gizarte zibila osatzen duten mugimenduak bakoitza bere aldetik mobilizatzen ari zirela, eta aldarrikapen asko eta oso indartsuak sortu direla azken urteetan Euskal Herrian. “Pentsiodunek ia bi urte daramate astero elkarretaratzeak egiten; lan arloan ohikoak dira hitzarmen duinak lortzeko borrokak; gazteek bat egin dute mugimendu ekologistarekin eta kalera atera dira; eta mugimendu feministak ere indar handia hartu du”. Aldarrikapen horiek guztiek bizitza duina oinarrian dutela ikusita, greba orokorra deitzeko beharra sentitu zuten. Izan ere, lan harremanak, pentsio sistema, politika, hezkuntza, kultura, ingurumena eta beste hainbat arlo gutxi batzuen neurrira egindako eredu baten parte direla uste dute.

Orion herriko bi eragilek bat egin zuten ostegunerako deitutako grebarekin: Xaltxerak talde feministak eta Etxeluze gaztetxeak. Greba egin eta kalera ateratzeko arrazoi indartsuak dituztela aldarrikatu zuten. Batetik, feministek argi dute gizarteak “bizitza erdigunean” jarri nahi duela, “aurre egiteko indarkeriari, berdintasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzaren hierarkiari, arrazakeriari, edertasun kanonari, eta zapalkuntza guztiei”.

“Baliabide mugatuak dituen planeta honetan, bizitzaren jasangarritasun kolektiboa bermatzea eta elkarren arteko menpekotasuna onartzea eskatzen dugu; izan ere, zaintza lanei ez zaie oraindik ere baliorik ematen, eta emakumeen gain uzten dira. Horren aurrean, zaintzen kudeaketaren ariketa kolektiboa egitea proposatzen dugu”. Horregatik, garrantzitsua iruditu zitzaien bizitza duina aldarrikatzen duen greba orokorrean parte hartzea.

Gazteen prekarietatea
Etxeluze gaztetxeko kideen iritziz, berriz, krisiaren aitzakiapean politika neoliberalak aplikatu dira, eta uste dute horrek helburu bakar eta garbi bat izan duela: “Iraganean eskuratutako lorpenak ezabatu nahi izan dituzte”. Beraien ustez, egungo testuinguru sozioekonomikoa aztertuz gero, “prekarietatea orokortua dela esan daiteke”, eta “gazteei modu berezian” eragiten diela adierazi dute. “ Ikasketetan LOMCE legea dela-eta ikasketen pribatizazioa jasan dugu, ordaindu gabeko praktikaldiak, kaleratzeak eta langabezia ohikoa dira gazteon bizitzan. Gainera, lan munduak gazteoi eskaintzen dizkigun baldintza prekarioen ondorioz, kontraturik gabe ere lan egiten dugu, enplegu bat baino gehiago dauzkagu, edo lanaldi partzialak eta aldi baterakoak”. Bestalde, lana izanda ere, espekulazioaren eraginez ordainezinak diren etxebizitzen alokairuei aurre egin behar dietela salatzen dute. Azaldutako arrazoiak kontuan hartuta, gazteek uste dute ez zaiela arrazoirik falta izan grebarekin bat egiteko.

Egindako deskribapen orokorretik gazteen bizitzan zuzenean eragiten duten bi alderdi azpimarratu nahi izan dituzte: lana eta etxebizitza. “Gazteok azken urteetako prekarietate
gogorrena ari gara bizitzen ikasketak amaitu eta lan munduan sartzen garenean. Lehenik, bekadun moduan aritzen gara sosik kobratu gabe, eta gero, praktiketako kontratuekin bi urte luzez. Suerte pixka batekin, enpresan onartuak izan eta behin- behinean egotea lor dezakegu beste bi urtez, eta baikor jarrita, kasurik onenetan, kontratu mugagabe bat lortzen dugu. Ahaztu gabe, bide horretan azpikontratatuta amai dezakegula”. Beraz, argi dute gazteen lan baldintzak hobetzeko ezinbestekoa dela lan erreforma ezabatzea. “1.200 euroko
gutxieneko soldata bermatu eta 35 orduko lan astea ezarri behar da, lan duinagoa lortu eta aberastasuna hobeto banatzeko”.

Etxebizitzaren gaiak ere kezkatzen ditu gazteak. Jakin badakite eskubide unibertsala dela etxebizitza duina izatea, baina euskal gizartea egoera horretatik oso urrun dagoela nabarmendu nahi dute: “Gipuzkoan ditugu Euskal Herriko etxebizitza garestienak. Batezbeste alokairuaren prezioa hilean 952,2 eurotakoa da EAEn, eta gazteen batezbesteko soldata, berriz, 996 eurokoa da Gipuzkoan. Ondorioz, gazte batek lan prekario bat badu eta independentizatzeko aukerarik ez badu, bere proiektu pertsonalak gauzatzeko eta bizitza erdigunean kokatuko duen egoera duin bat izateko aukera galtzen du”. Egoera larriaren aurrean, erantzuteko garaia dela uste dute. “Badirudi gazteok ohitzen ari garela baldintza hauetan bizitzera, eta hau oso larria da. Gizarteak ulertu behar du pobrezia eta prekarietatea zabaltzea guztiontzat kalte segurua dela, eta etorkizunera begira, gazteentzat zer esanik ez”.

Pentsiodunek, beste ikuspegi bat
Urtarrilaren 30eko greba orokorra gizarte arloko greba izatea nahi zuten antolatzaileek, eta tokian tokiko eragileak grebarekin bat egitera deitu zituzten. Orion sindikatuez eta norbanakoez gain, Xaltxerak talde feministak eta Etxeluze gaztetxeak egin zuten bat greba orokorrarekin, baina azken bi urteetan pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak antolatu dituen Zaharren Babeslekuak ez zuen grebaren antolaketan eragile moduan parte hartu nahi izan, “greba politikoa” zela iritzita. Zaharren Babeslekuko ordezkarien esanetan,
elkartearentzat oso garrantzitsua da “politika gaiekin ez nahastea”. “Ia bi urte daramagu pentsio duinen alde borrokan. Guretzat oso gai garrantzitsua da, gure eskubideak eta gainontzeko herritarrenak baitaude jokoan. Horregatik, nahi dugu pentsio duinen aldeko aldarrian ideologia guztietako herritarrek bat egitea, alderdikeriak alde batera utzita. Gure eskariak bete daitezen gizarte osoaren adostasuna behar baita”.

Orioko pentsiodunak 2018ko martxotik 2019ko abendura bitartean astero bildu ziren pentsio duinak aldarrikatzeko. “Lehen urtean oso erantzun ona izan zuten elkarretaratze deialdiek, eta herri txikietan egiten ziren elkarretaratzeen artean Oriokoa izaten zen beti jendetsuena, 150 lagun inguru biltzen baikinen hasieran. Pixkanaka, ordea, parte hartzea txikituz joan zen. 2019 amaierako elkarretaratzean 30 lagun bakarrik bildu ginen”. Horregatik, urteko batzar orokorra egin bitartean elkarretaratzeak bertan behera uztea erabaki zuen Zaharren Babeslekuak.

Pentsiodunek bizi duten egoeraz galdetuta, pentsiodunen arteko “elkartasuna funtsezkoa” dela uste du elkarteko bozeramaile Txomin Iribarrek. “Pentsiodun batzuek 400, 500 edo 600 euro jasotzen dituzte, eta beste batzuk, berriz, egoera hobean bizi dira. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu pentsio hobeak dituztenak okerrago daudenei elkartasuna erakutsiz kalera ateratzea”. Ildo horretan, mobilizatzen aritu diren bi urteetan “gazteak faltan bota” dituztela ere aitortu dute antolatzaileek. “Gazteak diodanean ez naiz 20 urtekoez ari, 50-60 urte bueltakoez ari naiz. Horiei laster iritsiko zaie erretiroa hartzeko unea, baina plazan bilduta ikusten gintuztenean, asko ez ziren gaiak duen garrantziaz ohartzen. Egia da
pentsiodunok geure pentsioen alde mobilizatzen ari garela, baina baita etorkizunean pentsioak bermatuta egotearen alde ere. Horregatik da garrantzitsua denok batera indarra egin eta gure eskubidea diren pentsio duinak aldarrikatzea”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!