"Prozesu benetan gozagarria izan da musika mundura itzultzea"

IƱigo Gaiton 2020ko ots. 18a, 13:00

Maider Zabalegi kantariak kontzertu akustikoa emango du ostiralean Orioko Kultur Etxean. Bakarkako ibilbideko bigarren diskoa aurkeztuko du: Bidean. 

MAIDER ZABALEGI - Musikaria

Alaitz eta Maider bikoteak 2004an eman zuen azken kontzertua, eta 2017an ekin zenion bakarkako ibilbideari. Non ibili da Maider Zabalegi urte hauetan guztietan?
Alaitz eta biok gazterik murgildu ginen musika munduan, 14 urte ingururekin, eta taldea utzi genuenean, oso nekatuta bukatu nuen. Musika mundutik erabat aldentzea erabaki nuen, berriro itzultzeko asmorik gabe. Alaitz eta Maiderrekin bizitakoaren ostean, hamahiru urte hauek nire burua berriz kokatzeko balio izan didate.

Zerk piztu zizun sormenaren txinparta, 2017an bakarkako bideari ekiteko?
Aitonaren heriotzak klik antzeko zerbait egin zidan barruan, eta bulkada horrekin gitarrari heldu eta kantuak konposatzeari ekin nion. Oharkabean, lehen aipatutako hamahiru urte horietan pilatutako guztia musikaren bidez ateratzen hasi nintzen berriro. Gozamena izan da musika mundura itzultzea, prozesu benetan gozagarria.

Alaitz eta Maiderren kantuak jende askorengara iritsi ziren. Zer eragin izan zuen horrek zure gazte garaian?
Alaitzek eta biok oso ondo gogoratzen dugu momentu jakin bat: Oiartzunen autobusean sartu ginen batean, Txanpon baten truke entzun genuen bozgorailuetatik, espero gabe. Harri eta zur begiratu genion elkarri; ez zait sekula ahaztuko. Egia esan, oso polita izan zen garai hura, era oso naturalean bizi izan genuen guztia. 

Oroitzapen ederrak dituzu, beraz?
Etapa hura ederra izan arren, oraingo fasea beste era batera ari naiz bizitzen, presio gutxiagorekin. Irakaslea naiz ofizioz, eta musika afizio gisa hartzen dut. Lehen, poliki-poliki jende multzo polita osatu genuen, eta hori ekonomikoki aurrera atera behar zen; azkenean, presio pixka bat ere sentitzen genuen. Afizioa ofizio bilakatzea ederra da, baina aldi berean, gauzak konplikatu egiten dira. 

2017an Zuei argitaratu zenuen, eta iaz Bidean, pop edo folk estilokoak izan daitezkeen bi lan. Nola definituko zenituzke?
Egia esan, biek ildo berari eusten diotela iruditzen zait; are gehigo, Alaitz eta Maiderren garaian konposatzen nituen kantuei Alaitzek emandako bizitasuna kenduz gero, oraingoen lurrin bera dutela esango nuke. Niri beti atera izan zaidan musika da azken bi diskoek biltzen dutena.  Denbora pasatu arren, ahotsa ez zaizu gehiegi aldatu Ahotsaren esentzia mantentzen dut, baina gaztetan oso tonu altuetan abestera ohitu nintzen, eta orain, grabeago kantatzen dut. Beharbada, horretan aldatu da gehien nire musika: gero eta behar handiagoa sentitzen dut tonu baxuagoetan abesteko. Nire ahotsa berriz kokatu nahian ari naiz, esperimentatzen, kantaera egokitzen. 14 urterekin abesten hasi nintzenean, gauza hauek planteatu ere ez nituen egiten [barrez].

Kontzertuetan egiten al duzu topo lehengo publikoarekin?
Bai, tokatu izan zait musika jotzen hasi eta entzuleen artean urte askoan ikusi ez ditudan aurpegiak ezagutzea. Oso berezia da hori. Baina bestalde, orain publiko berria irabaztea tokatzen zait, banaka-banaka, zerotik abiatuz.

Zeintzuk dira zure erreferentziak?
Hiru aipatzearren: nazioartean, Alison Krauss eta Nanci Griffith, eta etxean, Eñaut Elorrieta.

Zeri kantatzen dio Maider Zabalegik?
Eguneroko bizitzan sortzen diren poz, ilusio, kezka eta abarrak musika bilakatu ahal izateko zortea dut, eta gauza horiei kantatzen diet: eguneroko istorio txikiei.  Azken bi diskoetako hitzei erreparatuz gero, gauza sakonagoei ere bai; heriotzari edo minbiziari, adibidez. Bizitza bera dolua da jaiotzen garen momentutik; denok dakigu hil egingo garela egunen batean. Sarritan kosta egiten zaigu gai horiei buruz lasai hitz egitea, eta halako gaiei musika jartzen diezunean, oso ederra izaten da. Musikak terapia egiteko ere balio izaten dit. 

Nondik abiatzen duzu abestien sorkuntza prozesua, hitzetatik edo musikatik?
Gehienetan, musikatik. Hitzak osatzea gehiago kostatzen zait. Orain hirugarren diskoa konposatzen hasten ari naiz, eta helburuetako bat hitzetan gehiago sakontzea da. 

Zer eskainiko duzue ostiralean Orion emango duzuen kontzertuan?
Negura begira, formatu akustikoan aritzea adostu nuen taldekideekin. Kontzertu akustikoak goxoagoak izan ohi dira, jendeari beste modu batera kantatzen diozulako; gertuago, zuzenago. Urbil Artolarekin (dobroa eta ahotsak) eta Gorka Urrarekin  (gitarra akustikoa) batera igoko naiz oholtzara. Kontzertu intimoa eta goxoa ematen saiatuko gara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!