Gorka Eizmendi prest da rally denboraldi berriari ekiteko

Asteburu honetan Lorcan (Murtzia) izango da Eizmendi, Espainiako lur gaineko rally txapelketako lehen proban.

Gorka Eizmendi rally pilotuak denboraldi berriari ekingo dio asteburu honetan. Espainiako lur gaineko rally txapelketa irabaztea du helburu, eta horretarako, auto berria izango du bere eskura: Skoda etxeko Fabia R5 modeloa, hain zuzen ere. Iaz ibili zuen Ford Fiesta Juan Carlos Quintana pilotuarena izango da aurten.

Eizmendi auto berriarekin probak egiten ibili da azken asteetan, eta lehen lehiaketarako prest jartzeko aukera izan du. Aurten, prestatzaile berria du Avia taldeak, esparru teknikoan: Calm Compatició, hain zuzen ere.

"Ilusio handiarekin ekingo diogu aurtengo denboraldiari", azaldu du pilotuak. "Lehen proban maila oso altua egongo da, eta zaila den arren, podiumean sartzeko helburuarekin joango gara Lorcara. Aukerak ditugu hori lortzeko. Motibazio handiarekin joango gara Murtziara".

Martxoaren 6 eta 7an jokatuko da Lorcako Tierras Altas rallya.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!