Josu Albero: "Koronabirusaren transmisioa saihestea oso garrantzitsua da"

Karkara 2020ko mar. 13a, 15:00

Mikrobioen inguruko hitzaldia emango du Josu Albero azpeitiarrak (Bartzelona, 1957) astelehenean, Zestoan. Mikrobiologian aditua da, eta koronabirusaz arituko da saioan.

Mikrobioez arituko zara astelehenean, Zestoan. Zer dira mikrobioak?

Mikroskopioarekin soilik ikus daitezkeen izaki bizidunak dira mikrobioak, eta horien ezaugarri nagusia tamaina da, oso txikiak baitira. Mikrobioen barruan hainbat kategoria daude; besteak beste, birusak, bakterioak eta legamiak.

Non eta nola bizi dira mikrobioak gure artean?
Mikrobioz inguratuta bizi gara, leku guztietan daude; lurrean, mahaian, airean nahiz janarietan. Oso ohikoa da, adibidez, eskuetan mikrobioak edukitzea. Horregatik ari zaizkigu eskatzen koronabirusa dela-eta une oro eskuak garbi manten ditzagun. Hitzaldietan esan ohi dudan moduan, mikrobioak ez dira ikusten, eta ikusiko bagenitu ikaratuta geldituko ginateke. Izan ere, ugari izaten ditugu.

Martxoaren 9ko saioan mikrobioen bizimoduaz aritu zinen.
Bai, hitzaldiak bi zatitan banatu ohi ditut. Lehenengo zatian, mikrobioen zati orokorrak aipatzen ditut, eta mikrobio onen inguruan hitz egiten dut. Mikrobio onak gure gorputzaren barruan modu naturalean daudenak dira, eta horiei mikriobiota deitzen diegu. Gure organismoa mikrobioz josita dago, zelulak baino hamar aldiz mikrobio gehiago ditugu barnean, eta horiek onuragarriak dira eta gure osasuna zaintzen dute. Hori dela eta, askotan esaten digute heste-flora zaindu behar dugula probiotikoen eta dieta egokiaren bitartez. Lehenengo saioan mikrobio onez hitz egin nuen, jendeari burutik kentzeko mikrobioez dugun irudi ezkorra, beti gaixotasunekin lotzen baititugu.

Astelehenean, berriz, mikrobioen alde ilunaz hitz egingo duzu. Zein alde ilun dituzte mikrobioek?
Mikrobioek duten alde iluna da mikrobio gutxi batzuek gaixotasun infekziosoak sortzen dituztela; horien artean, koronabirusak. Dena den, mikrobioen artean oso gutxi dira horiek. Bakterio guztien artean kalkulatzen da %3 bakarrik direla patogenoak. Horrek esan nahi du bakterio gehienak onak direla, eta ez txarrak. Beraz, asteleheneko hitzaldian azalduko dut zein diren mikrobio gaizto horiek, zer diren gaixotasun infekziosoak, nola funtzionatzen duen gure immunitate sistemak, eta abar.

Bioteknologiaz eta mikrobioen erabilera industrialaz ere arituko zara.
Bai, eta horri lotuta azalduko dut mikrobio onuragarri asko daudela; ez soilik lehen aipatu ditudan mikrobiotako mikrobioak, baizik eta prozesu industrial batzuetan erabiltzen ditugun mikrobioak ere bai. Bioteknologia mikrobioen erabilera industriala egiten duen zientzia da.

Zein motatako mikrobioak dira birusak?
Birusak mikrobio txikienak dira, bizidunak ez direnak. Urte luzez biologoen artean egon den galdera da birus horiek bizidunak diren ala ez. Bizidun guztiok zelulak ditugu, baina birusek ez dute zelularik; hau da, molekulak dira eta ez egitura zelularrak. Biologo gehienok uste dugu birusak ez direla benetako bizidunak, baina haien ezaugarrietako bat da eragina izateko beste bizidun batzuk infektatu behar dituztela. Birusak infektatzen direnean partikula bizigabeak dira, eta infektatzen direnean ugaldu egiten dira.

Azken asteetan pil-pilean dabil koronabirusaren gaia. Zer motatako birusa da?
Koronabirusa birusen familia bat da, eta familia horretan orain dela gutxi arte zeuden birus batzuk ez ziren oso kaltegarriak. Orain dela hogei urtera arte guk ezagutzen genituen koronabirusek ez zuten beldurrik sortzen, arnas aparatuko infekzio arinak soilik sortzen zituztelako. Orain dela hamazazpi urte Txinan koronabirus berezi bat agertu zen, SARS izeneko gaixotasuna sortzen zuena, eta koronabirus berezi horrek patogenizitate maila handia zuen; ez zen ordura arte ezagutzen ziren koronabirusen antzekoa. 2002. eta 2003. urteetan SARS gaixotasunaren izurritea egon zen, eta kalte handiak eragin zituen gaitzak. Orain agertu den koronabirus berri hau, SARS horren lehengusu propioa dela esan dezakegu. Mutante berri bat da, oso patogenoa, baina ez SARS bezainbeste. SARSen hilkortasun tasa %10ekoa zen, eta oraingo koronabirusarena, aldiz, %3koa.

Zer dela eta ari da hedatzen hain azkar birus hori?
Birus berria denez, oraindik horren inguruko gauza asko ez ditugu ezagutzen. Dakiguna da SARS baino leunagoa dela, baina bere ezaugarri aipagarrienetako bat da oso erraz kutsatzen dela, eta horregatik zabaldu da izua gizartean. Birus berria izanik, gure immunitate sistemak ez du orain arte harekin kontakturik izan, eta ez daki nola jokatu. Gripearen birusarekin, aldiz, immunitate sistemak badu harremana, eta badaki hari nola aurre egin. Ezustean harrapatu gaitu koronabirus berriak.

Zergatik da garrantzitsua birus horren hedapena etetea?
Kontua da gripearen aurka badagoela txerto bat eta tratamentu bat, baina birus berri honen aurkako txertorik ez dago oraindik. Beraz, infektatuta dauden pertsonak beren kabuz sendatzen dira. Koronabirusaren transmisioa saihestea oso garrantzitsua da, birusa infektatzen ez bada ez duelako jarduerarik, eta horren transmisioa mozten badugu, birusa desagertu egingo delako.

GIB birusa ere hizketagai izan da azken egunotan, paziente bati birusa desagertu egin zaiolako.
Bai, eta duela urte batzuk beste bi edo hiru kasu gehiago ere gertatu ziren. HIESa sendatzea lortu duten paziente horiek leuzemia eta HIESa zeuzkaten, eta leuzemia tratatzeko, hezur-muinaren transplante bat egin zieten. Kontua da gure hezur-muinak odoleko zelula guztiak sortzen dituela, haien artean linfozito izeneko zelula batzuk. HIESaren birusak linfozito horiek infektatu eta hil egiten ditu, baina paziente horien kasuan, hezur-muinaren emaileek mutazio bat zeukaten, linfozito bereziak sortzen zituena. Linfozito berezi horiek erresistenteak dira HIESaren birusaren infekzioaren aurrean. Modu horretan, transplantea jaso ondoren paziente horien hezur-muin berriek linfozito mutanteak ekoizten zituzten, HIESaren birusak infektatu ezin dituenak…. Eta infektatu gabe, birusa desagertu egiten zitzaien paziente horiei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!