Arazorik ez zegoen tokian arazoak sortzen

Koronabirusari aurre egiteko prebentzio neurrietako bat jende pilaketa handiak ekiditea da. Ondorioz, egunotan erakin publikoak, eskolak eta kirol nahiz kultur instalazioak ixteko hartutako erabakia, baita telelana egiteko gomendioak ere. Zoritxarrez, jendea arazorik ez zegoen lekuan arazoa sortzen ari da: supermerkatuetan.

Janari faltarik ez badago ere, egunotan Urola Kostako saltoki, janari denda eta supermerkatu handi nahiz txiki guztietan sekulako jendetza dabil erosi eta erosi. Gaur, esaterako, herritar ugari zeuden zain Zarauzko Maxi Eroski supermerkatuaren aparkalekuan, beraien orgekin prest, 09:00ak noiz joko eta saltokiko atea noiz zabalduko, Rosaliaren kontzertu bat bailitzan.

Halako jende-samaldekin kutsatzeko foku bat sortzeko arriskua dago. Beraz, tentuz jokatzea komeni da, halakorik ez sustatzea, eta emandako neurriei kasu egitea, oso zorrotzak badira ere. Horren aurrean, eskualdeko zenbait saltokitan aforoa mugatzen hasi dira, Zumaiako Eroskin eta Zarauzko Santa Marina kalekoan bezala; horietan, gainera, eskularruak banatzen ari dira sarreran. Atzo, gainera, San Marinakoan, sarreran sortu zen ilarako bezeroen tartea gutxienez metro batekoa zen.

Koronabirusa geldiarazteko neurriak

  • Koronabirusaren transmisioa saihesteko garrantzitsua da eskuak sarritan garbitzea.
  • Eztul egitean estali ahoa eta sudurra ukondoarekin edo erabili eta botatzeko zapi batekin
  • Gainazalak garbitu
  • Sintomak (sukarra, arnas sintomak) dituzten pertsonek ez dute egon behar adinekoekin edo gaixotasun kronikoak dituztenekin kontaktuan, edo leku publiko eta jendetsuetan.
  • Herritar guztiei urruntze-neurriak hartzea gomendatzen zaie, bereziki leku publikotan; urruntzeak esan nahi du pertsonen artean gutxienez metro bateko eta, ahal dela, 2 metroko aldea uztea. Izan ere, gertutasuna baita kutsatzea gehien errazten duen faktorea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!